Etxera Eguna egingo du Sarek Itsasondon, ostiralean eta larunbatean
Ostiralean 'Euskal presoen afera atzo, gaur eta bihar?' hitzaldia egingo du Koldo Lakastak, udaletxean, 19:00etan. Artelanen erakusketa, ihes gela, bertso bira eta bazkaria izango dira larunbatean.
Etxera Eguna egingo du Sarek Itsasondon ostiralean eta larunbatean Itsasondon. Bidea gertu lelopean, hainbat jarduera antolatu dituzte bi egun horietarako. Ostiralean, urriaren 13an, Nekane Munduateren eta Mikel Otegiren artelanen erakusketa egongo da ikusgai udaletxeko aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Erakusketarekin ekingo diote egitarauari.
19:00etan, berriz, Euskal presoen afera atzo, gaur eta bihar? hitzaldia eskainiko du Koldo Lakastak, udaletxeko aretoan. Urriaren 14an, larunbatean, 11:30etik 13:00etara egongo da zabalik erakusketa. Ordu berean, adin guztietarako ihes gela izango da, plazatik abiatuta, herrian zehar. 13:00etan argazki erraldoia egingo dute.
Bazkalaurretik, 13:30ean, bertso bira izango da June Aiestaran, Maialen Akizu eta Odei Lopez bertsolariekin. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute. Tiketak Ataunen, Lazkaon, Beasainen, Seguran, Ordizian, Legorretan eta Itsasondon daude salgai, ohiko lekuetan. Helduek 15 euro ordaindu behar dituzte, eta haurrek eta langabeek 8 euro. Etxera Egunari amaiera emateko, 17:00etan DJ Bull-en emanaldia izango da.












