Igandean jokatuko da Beasaingo jendaurreko margo sariketa
Arrano Kulturak udalaren babesarekin antolatu du 32.enez. Nahi duen edonork har dezake parte.

Jendaurreko margo lehiaketa artxiboko irudian. // Andrea Aranburu
Beasaingo Jendaurreko 32. Margo Sariketa antolatu du Arrano Kultura elkarteak Beasaingo Udalaren babesarekin, iganderako, hilak 15. Nahi duen edonork har dezake parte inolako eragozpenik gabe, eta pintatzeko gaia, Beasaingo herria eta auzoak izango da. Pintura kalera aterako dute beraz igandean, rally formatuko lehiaketarik zaharrenetarikoa den honi esker. Sari ekonomiko potoloak banatuko dituzte; 2.000 eurotik gora eta garaikurra banatuko dituzte hiru kategoriatako (helduak, gazteak eta herrikoak) irabazleen artean. Antolakuntza taldeak, ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatu die herritar guztiei.
Oinarriak:
- Teknika eta formatua: Lanaren alde luzeenak ezin izango du metro bat baino
gehiago neurtu. Librea izango da pinturaren oinarri erabili daitekeen materiala. Lana euskarri gogor batean aurkeztuko da. Euskarri bat baino gehiago zigilatzea onartuko da baina aurkezpenean bakarra onartuko da. - Lanak zigilatzea: Igartzako jauregiko erakusketa aretoan izango da 9:00etatik 10:30ak bitartean. Euskarriak lanerako aurretik prestaturik eraman daitezke, baina tonu bakarrean; ez da onartzen marrazki, zirrimarra edo marra aztarnarik edukitzea.
- Lanak aurkeztea: Lanak Igartzako jauregiko erakusketa aretoan aurkeztuko dira, sinatuak, 13:30etik 14:30ak bitartean, egilearen datuak dituen fitxarekin batera. Ondoren, nahi duenarentzat bazkaria izango da Arrano Elkartean.
- Epaimahaia: Horretarako gai den epaimahai batek aukeratuko ditu lanik onenak. Kalitate berdintsuko lanen artean zuzenean (ez argazkitik) margotutakoa lehenetsiko da. Sari banaketa 18:30ean izango da erakusketa aretoan. Epaimahaiaren erabakia ezin apelatuzkoa izango da.
- Lanen erakusketa eta jabegoa: Aurkeztutako lanekin erakusketa bat egingo da erakusketa aretoan bertan, urriaren 15tik 29ra. Eginiko lana saldu nahi dutenek, prezioak finkatu beharko dituzte, aurkezten diren unean. Helduen eta Herriko lehen sariak udalaren esku geldituko dira, beste lan guztiak berriz, bakoitza bere egilearenean. Lanak jasotzeko epea hilabete luzatuko da.
Sariak:
- Helduak:
- 1. saria: 700 euro eta ikurra
- 2. saria: 400 euro eta ikurra
- 3. saria: 300 euro eta ikurra
- Gazteak (-18): 100 euro eta ikurra
- Akzesita: 150 euro.
- Herrikoak:
- 1. saria: 400 euro eta ikurra
- 2. saria: 150 euro eta ikurra
- Herrikoa (- 18): 80 euro eta ikurra












