Urriaren 17tik 28ra ospatuko da Beasaingo Mendi Festibala
Bost ikus-entzunezko izango dira ikusgai hamaseigarren edizio honetan. Eskalada ikastaroa ere egingo dute Antzizar kiroldegiko rokodromoan.

Bideak irekiz ikus-entzunezkoarekin irekiko dute aurtengo zikloa. // Hitza
Mendia maite dutenentzat hitzordu garrantzitsua izango da hurrengo astean hasita; Beasaingo Mendi Astea izango baita, Arrastaka mendi elkarteak eta Aizkorri Mendizale elkarteak, Beasaingo Udalaren laguntzarekin antolatuta. Berrikuntzekin dator gainera jaialdiaren hamaseigarren edizioa izango dena. Batetik, deitura. Edizio berri honek Beasaingo Mendi Festibala izena hartuko du. Eta bestetik, datak. Urriaren 17, 18, 19, 24 eta 25 izango da. Urriaren 28an gainera, eskalada ikastaroa izango da.
Bost egunetan, bost ikus-entzunezko izango dira ikusgai Beasaingo Mendi Festibalean. Ikusentzunezko guztiak Usurbe Antzokian izango dira 19:30ean. Mendizaletasunaren inguruko bizipenak ezagutu, elkarbanatu eta partekatzeko topagune ezin hobea izango dena.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere, mendizaletasunaren eta abenturaren munduan ezagunak diren gonbidatuak izango dituzte eta mendian izandako bizipenak kontatuko dituzte, lehenengo pertsonan eta aurrez aurre.
Aurtengo gonbidatuak dira, Maialen Rojo, Koldo Zubimendi, Fernando Garrido eta borobiltzeko, Joseba Iztueta izango dira, Arrastaka Mendi Taldeko eta Aizkorri Mendizale Elkarteko kideez gain, noski.
Bost ikus-entzunezkoez gain, eskalada ikastaroa ere antolatu dute. Antzizar kiroldegiko rokodromoan izango da, heldu eta gazteentzako. Eskaladaren oinarriak ikasteko aukera izango da. Urriaren 28an izango da jarduera hau.
Egitaraua
- Urriak 17, asteartea: Bideak irekiz ikus-entzunezkoarekin irekiko dute asteartean zikloa. FEDMEko Goi Mendiko Talde Femeninoak 2022ko azaroan Jordaniara eta Saudi Arabiara egindako espedizioa du ardatz filmak. Espedizio honen helburua eta kirol emaitza, hondarrezko horma handietan autobabeseko 12 eskalada-bide berri irekitzea izan zen. Proiektu honek emakumeak mendiko kiroletan duen, kasu honetan eskaladan eta goi mendian bereziki, eginkizuna eta ikusgarritasuna azaleratzen ditu. Beasaingo emanaldian Maialen Rojoren eskutik egingo da, egungo FEDME-ko (Mendi eta Eskaladako Federazio Espainiarra) goi mendiko talde femeninoko partaidea eta 2021 urtean Xabi Ormazabal bekaren irabazlea izan zena.
- Urriak 18, asteazkena: Kharut II Lehenbiziko igoera baten istorioa izenburudun ikus-entzunezkoa izango da, eta Erandioko Koldo Zubimendi izango da egun horretako gonbidatua. Zubimendik Kharut II mendira lehen igoera egin du, hau da, K2 (8.611 m) ezagunaren alboan dagoen 6.800 metroko mendira. Vicente Barcenarekin partekatu zuen espedizioa, baina honek gailurrerako saiakerarekin ezin jarraitu eta igoera bertan behera utzi behar izan zuen. Koldok berak bakarrik egin zuen gailur honetara egindako lehen igoera.
- Urriak 19, osteguna: Etxeko bi mendi elkarteen eguna izango da. Aizkorri Mendizale Elkartearen ikus-entzunezkoaren izena Jardueraz betetako urtea mendian. Aizkorri Mendizale Elkarteko kideek aurtengo urtean zehar burututako jardueren gainbegirada izango da. Arrastaka Mendi Taldeak aurkeztuko duen ikus-entzunezkoaren izena ere berdina da Jardueraz betetako urtea mendian. Kasu honetan, Arrastaka Mendi Taldeko kideek egindako igoeren, ikastaroen, eskaladen eta zeharkaldien gainbegirada izango da.
- Urriak 24, asteartea: Airea falta den leku horretan ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Fernando Garrido mendigoizaleak, munduko mendirik altuenetarako igoerei buruzkoa. Esperientzia zabala duen mendizalea da Garrido. 1988ko neguan Cho Oyu (8.201m) igo zuen berak bakarrik. Baldintza horietan zortzimilako bat igotzen zen lehen aldia izan zen munduan. 1985-86an 62 egunez Aconcaguako gailurrean egon zen, ia 7.000 metroko alturan. Honekin erresistentzia proba bat burutzeaz gain, alturan irautearen munduko errekorra hautsi zuen. Marka hau ez du inork gainditu oraindik. 3 aldiz izan da Everesten (8.848 m.): lehenbiziko aldian, espedizio handi batekin Ipar Horman (Hornbein Korridorea) bide partzialki berri bat irekiz 8.700 metroko altuerara arte oxigenorik gabe. Hurrena neguan eta bakarrik saiatu zen eta azkenik, jada gidari lanetan ari
zela, ohiko bide tibetarretik. - Urriak 25, asteazkena: Amaiur Peak (5.760m) ikus-entzunezkoaren txanda izango da. Joseba Iztueta gabiriarra izango da hizlaria. Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz Ladakh-era, indiar Himalaiako haran urrun batera, egin duten azken espediziotik itzuli berri dira. Esplorazio bidaia hau erabateko arrakasta izanez amaitu da: 17 eskalada-bide berri irekita eta Amaiur Peak-era, 5.760 metroko aurrez inork igo gabeko mendira, lehenbiziko igoera eginda.
- Urriak 28, larunbata: Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien jarduera. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da.












