Herrigunean txakurrak aske ibiltzeko guneak zeintzuk diren gogoratu du Legazpiko Udalak
Abereen babeserako eta ongizaterako lege berrira egokituko den arautegi orokor bat ari da prestatzen Eudel euskal udalerri guztietarako, eta bitartean, tokian tokiko ordenantzak egongo dira indarrean. Legazpikoan, besteak beste, txakurrak aske ibiltzeko guneak zehazten dira.
Aizkorri kaleko aisialdi gunea. Bide publikoan dabiltzan txakurren inguruan azkenaldian jaso dituen kexen ondoren, araudiak dioena eta aske ibiltzeko herrian izendatutako guneak zeintzuk diren gogoratu du Legazpiko Udalak. Abereen babeserako eta ongizaterako lege berrira egokituko den arautegi orokor bat ari da prestatzen Eudel euskal udalerri guztietarako, eta bitartean, tokian tokiko ordenantzak egongo dira indarrean. Legazpikoan, besteak beste, txakurrak aske ibiltzeko guneak zehazten dira.
Ordenantza hori 2017ko ekainaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Bertan, landa ingurunea eta hirigunea bereizten dira. Landa ingurunea, edo mendia, ez da ordenantzaren bidez arautzen, eta hor ez da udal araudia bete behar. «Jabeak une oro jakin behar du animalia non dagoen, bestela, txakurra galduta dagoela pentsa liteke, eta orduan, araua hautsiko litzateke. Ehiza txakurren kasuan, adibidez, GPS lokalizatzaile bat izaten dute».
Aske ibiltzeko guneak
Hiri ingurunean txakurra lotuta eraman behar da, aisialdi eremu batzuetan izan ezik. Urtatza-Ariztiaundi ur biltegian, San Martin 16an, Itxaropen 14- Juanastegin eta Mirandaolan ordu mugarik gabe ibili daitezke lotu gabe, baina Mirandaolan neguan bakarrik.
Bestetik, azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitartean, 19:00etatik 10:00era, leku hauetan ere ibili daitezke txakurrak lotu gabe: Urtatza Zahar parkean, San Ignazio 2-4an, Santikutz 20-24an, Aizkorri 17-21ean, eta Bikuña 2an. Apirilaren 1etik urriaren 31ra ordutegia 21:00etatik 10:00etara izango da.
Aisialdirako espazio horietan ez da txakur arriskutsurik onartzen, jabeak kontrolpean eduki behar du txakurra, eta jabea izango da txakurrak eragindako kalte edo kalteen erantzulea.
Beste arau batzuk
Bestalde, udalak gogorarazi du txakur guztiek identifikazio txip bat izan behar dutela nahitaez, eta aisialdi gune horietan ez bada, lotuta joan behar dutela beti. Gainera, txakur arriskutsuak izateko jabeek baimen berezia behar dute.
Txakurrek, azkenik, ezin diete eragozpenik sortu bizilagunei, ez balkoitik ez etxe barrutik, eta ezin dira balkoietan bizi.













