Arnasguneetako gazteek haize freskoz sortutako bideo sormenak
Euskararen transmisioaren gotorleku dira euskararen arnasguneak. Urteen poderioz euskararen indargune bilakatuak, belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntzaren posizioa defendatu eta altxor hau ondorengoei uzteko konpromisoa hartu dutenak. Arnasgunetzat ditugun 97 udalerrik osatzen dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, eta udalerri hauetako gazteak dira gaur egun euskararen altxorraren zaindari. Garaiak aldatzen doazen heinean aldiz, hizkuntzaren transmisio kanalak aldatuz doaz, eta hori da hain zuzen Arnasetik bideosormen leihaketak aztertu duena, hizkuntzaren transmisio bide berriak.
Bigarren edizio arrakastatsua
Arnasetik sormen lehiaketaren bigarren edizioa helmugara iritsi zen Zarauzko Modelo aretoan antolatutako sari banaketa galan. Euskararen arnasguneetako gazte ugari gerturatu ziren bertara, asteetan zehar egindako hausnarketatik abiatuta egindako lanen emaitza ezagutzeko irrikaz.
Aurreikuspen guztiak gaindituz, lehen edizioan jasotako lan kopurua gainditu, eta kategoria guztiak aintzat hartuz jasotako 112 lanetan jarri da marka berria. Herriei dagokionez hauek guztiak daude ordezkatuta: Tolosa, Azpeitia, Usurbil, Arbizu, Tafalla, Ataun, Aizarna, Aulesti, Bera, Elizondo, Gernika, Atxondo, Orio, Aizarnazabal, Goizueta, Arano, Ituren, Igorre, Zarautz, Azkoitia, Mutriku, Leitza, Anoeta, Doneztebe, Ermua, Oiartzun… Sari banaketa ekitaldia Nahia Sillero aktoreak aurkeztuta egon da, eta besteak beste Deñe musikariaren emanaldiz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Arnasetik lehiaketan arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere. Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera maila oso altuak dituzten udalerriak dira. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira, bertan modu naturalean bizi ahal delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako.
Arnasetik Arnasa Gara egitasmoak antolatutako lehiaketa izan da. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasguneak hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.
Gazteek egin beharrekoak
Lehiaketan hiru kategoria bereizi dira, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan diote.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, formatu librean azaldu behar izan dute (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) beraien herria nolakoa den, zer egin daitekeen bertan eta, garrantzitsuena, zergatik den egokia euskara maila hobetzeko. Guztira 34 lan jaso dira kategoria honetan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetako ikasleen kategorian, nerabeek beraien herriko esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu umorezko bideo batean. Kategoria honetan 63 lan jaso dira.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei Nahia Sillero influenzerraren bideo bat eman zaie erreferentzia bezala. Nahia Silleroren bideoa ikusita bideo bat modu sortzailean garatzea izan da beraien egitekoa; euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz plan erakargarri bat proposatuz. 15 lan jaso dira kategoria honetan.
Zarauzko sari-banaketan, kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.
Hauexek izan dira sarituak:
- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:
Euskara ikasteko gomendioak, Samaniego ikastetxea (Tolosa-Idiazabal, Gipuzkoa) - Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian :
Azkoitxiko epaitegia, Azkoitia BHI (Azkoitia, Gipuzkoa)
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:
New Yorketik Euskal Herrira, Beasain BHI (Beasain, Gipuzkoa)
Publikoaren sariari dagokionez, 1.600 lagun baino gehiagok eman dute bozka Internetez, eta boto gehien jaso dituen lana hauxe izan da:
- Joaldunak, Mendaur BHI (Doneztebe, Nafarroa)
Sari banaketa ekitaldia Zarautzen antolatu eta Zarauzko Udala galaren sustatzaileetako bat izan den heinean Zarauzko lanentzako sari banaketa berezi bat egon da. Hauek izan dira saridunak:
- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:
Sentitu, pentsatu, egin, La Salle Zarautz. - Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian :
Zarauzko kasta, Mitxelena Ikastola. - Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:
Xanduli Manduli, La Salle Zarautz.