Lazkaok 9,2 milioi euroko udal aurrekontua izango du 2024an
Inbertsioetarako 1,25 milioi izango dira, guztira. Zubizkitzako urbanizazioa, meandroa egokitzea eta jolas parkeak estaltzea dira aipagarrienak. EAJk alde eta EH Bilduk aurka bozkatu dute.
Zubizkitza bizileku-auzunean urbanizazioa berritzeko bigarren fasea gauzatuko da 2024an. // Argazkia: Aimar Maiz Lazkaoko Udalak 9.241.196 euroko aurrekontua izango du 2024rako. Bukatzear den urtekoa baino %6,74 haziagoa da. Udalbatzak lehengo ostegunean onartu zuen; EAJren aldeko zazpi eta EH Bilduren aurkako sei boto izan ziren bozketan.
Kepa Zubiarrainek azaldu zuenez, aurrekontua «funtsezko bi ildo estrategikotan» oinarritzen da: «Lazkaotarrei laguntzea eta udalerriaren garapen integrala. Proposatzen ditugun aurrekontuak, batez ere, solidarioak eta aurrerakoiak dira. Gure helburu nagusia herritarrak babestea eta euren ongizatea bermatzea da, Lazkao erosoagoa eta hobea eraikitzen jarraitzen dugun bitartean», argudiatu zuen alkateak diru kontuen izaera.
EH Bilduk, aitzitik, kontrako botoa eman zuen. Ordenantza fiskala babesteko izandako adostasuna hautsi da, oraingo honetan. Bi alderdiek programetan aurkeztu zituzten egitasmo komunekin «legealdi osorako ekintza-plan bat» adostea eskaini dio EH Bilduk udal gobernuko EAJri, kalean zabaldu duen ohar batean adierazi duenez. «Azken hauteskundeetako emaitza hain parekatua izanik, lazkaotarrei zor diegu bi alderdion artean benetako elkarlana eskaintzea eta eskatzea». EAJk ez duela onartu azaldu du EH Bilduk.
Alkateak, bere aldetik, «harridura eta ulertezintasuna» adierazi ditu EH Bilduren aurkako botoa ikusita. «Proiektu edo planteamendu bakar bat» ere ez dutela aurkeztu gehitu du EAJko udalburuak; «parte-hartze eta lankidetza falta horrek proiekturik eta ideiarik eza erakusten du, baita gobernuaren ekintzak oztopatzeko asmoa ere».
Inbertsioetarako 1,24 milioi
Aurrekontu osotik inbertsioetarako 1.245.000 euro bideratuko ditu udalak datorren urtean. Zubizkitzako urbanizazioa berritzeko bigarren fasea (260.000 euro), meandroan oinezkoentzat pasealekuak, mahaiak eta eremua egokitzea (140.000), haur parkeak eta berritzea eta estaltzea (170.000), Hirigintzako Plan Orokorra (80.000), Lazkaomendira oinezko bidearen proiektuan lurren «kudeaketa» (95.000), eta kiroldegian azpiegiturak hornitzea (sauna 70.000, pilates aretoko zorua 40.000, segurtasun materiala 61.000…), edo eraikinen energia-auditoretzak (86.366) dira atal kostotsuenak.
Sailen arabera, Gizarte Zerbitzuek %15eko igoera izango dutela nabarmendu du udalak, denera 640.000 euro bideratuta. Etxez etxeko laguntzari %9ko gehikuntza egin diote.
Herritarrei eta herriko eragileei zuzendutako diru laguntzak 520.000 eurokoak izango direla baloratu du udalak: gizarte zerbitzu eta berdintasun arlokoei 210.000 euro, euskarakoei 42.000, kulturakoei 250.000 eta kirolekoei 20.000 emango zaie.













