Goierri Valley elkarteak 2024ko kudeaketa plana eta aurrekontua onartu ditu
471.257 euroko aurrekontua izango du. Hiru proiektu nabarmendu dituzte: Hub 4.0 laborategia sendotzea, nazioartekotzea eta enpresen egituraren balioaren azterketa lankidetzan egitea.
Goierri Valley-ko Batzar Orokorrean parte hartu duten enpresari eta ordezkariak. Goierri Valley elkarteko Batzar Orokorrak 2024ko kudeaketa plana eta aurrekontua onartu ditu, gaur goizean Goierri Berrikuntza Gunean egindako Ezohiko Batzar Orokorrean. 471.257,70 euroko aurrekontua izango du elkarteak urte honetan.
“Lurraldeko industria sektoreko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzeko gunea eskaintzen” eta Goierriko industrian eragin positiboa eta iraunkorra sortzeko lanean” jarraituko dutela adierazi dute. Hiru proiektu nabarmendu dituzte: Hub 4.0 laborategia sendotzea, nazioartekotzea eta enpresen egituraren balioaren azterketa lankidetzan egitea.
Hub 4.0
Eraldaketa digitalarekin bat egin nahi duten enpresa txiki eta ertainei irekitako gunea da Hub 4.0, industria 4.0ren teknologiak ezagutu eta txertatu ditzaten. “Laugarren industria-iraultza ekoizpen-teknika berriak teknologia adimendunekin integratzean datza. Hub 4.0tik, Goierri Valleyk, enpresa txikiei beraien hurrengo erronkak gainditzeko eta merkatuko baldintzen aurrean egunean egoteko animatzen die”.
Elkarteak azaldu duenez, laborategiaren lehenengo pausoak “oso emankorrak” izan dira. Ingeniaritzari, aholkularitzari eta 3D inpresioei lotutako 36 proiektu landu dira bertan. Zerbitzua elkarteko bazkideei zein bazkide ez direnei zuzenduta dago. Digitalizazio-plataforma (sentsibilizazioa eta enpresen lehen pausoak) eta ekoizpen (piezen digitalizazioa, 3D inprimaketa) zerbitzuak eskainiko dituzte 2024an ere. Urtarrilean, bederatzi enpresarentzako 14 proiektutan egin dute lan.
Munduan
Frantzia, Alemania, Txile eta Mexikoko lan merkatuetan enpresa bazkideen nazioartekotzea bultzatzea izango dute helburu. Iaz bezala, Frantzian eta Txilen egingo dituzte ahaleginak, baina Alemaniako merkatura ere hurbilduko dira.
Frantziari dagokionez, bertan egingo den lana elkarteko enpresa azpikontratistei erantzutea izango da. “Frantziako enpresen erosketa arduradunei gonbidatzea aurreikusten da, Goierrin industria eraldaketa prozesua eskaintzeko helburuarekin. Hori lortzeko, lau enpresa azpikontratistarekin, gonbidatu beharreko bezero potentzialak definitzeko prozesua aktibatuko da. Helburu nagusia lau enpresa horiek gutxienez bezero frantses berri bat lortzea izango da”. Txileko hainbat enpresa eta erakunderekin lanean jarraituko dute, “enpresen dibertsifikazioarekin, berrikuntzarekin eta talentua erakartzearekin lotutako proiektuei ekiteko”.
Enpresen egituraren balioaren azterketa lankidetzan
Enpresa azpikontratisten beharrei erantzuten ahaleginduko dira proiektuarekin. Zeharkako egiturak aztertzeko eredu kuantitatibo bat garatzea dute helburu, zeharkako enpleguaren iraunkortasuna neurtzeko, “rolak eta postuak beharraren eta aukeraren arabera dimentsionatzen eta orekatzen laguntzeko, eta balio-proposamenaren hazkundean oinarrituta hazkundea ahalbidetzeko”.
Zerbitzuak eskaintzen
Zerbitzu eskaintza zabala eskaintzen jarraituko du elkarteak, enpresa bazkideen beharrei erantzuteko, eremu hauetan:
- Ad-hoc proiektua: enpresei proiektu estrategikoei heltzen laguntzeko, elkartea partner gisa kokatuko da.
- Foroak eta mahaiak: enpresetako sail espezifikoetan erantzukizun-postuetan dauden pertsonek elkarrekin lankidetzan aritzeko moduak definitzen dira. Giza baliabidetan, lan-arriskuen prebentzioan, ekoizpenean, erosketetan, komunikazioan, hidrogenoan eta azpikontratistetan mahaiak daude.
- Ezagutza eta networkinga: Esparru honetan elkar ezagutza sustatzen duten aurkezpenak eta jarduerak antolatzen dira.
- Behatokia eta joerak: Enpresen arteko lankidetza eta sinergiak sustatzen dituzten ekintzak garatzen dira.
- Formakuntza: Enpresa-interesekin eta gaurkotasuneko gaiekin lotutako tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak.
- Zerbitzu orokorrak: diru laguntzen kudeaketa, industria-guneen kudeaketa, areto eta bulegoen erabilgarritasuna, datu-baseak, ondorengotza-zerbitzuak, inbertsio-mahaia eta CVak.













