Iñaxi Erauskin hil da, 106 urterekin, Telesforo Monzonen zerbitzari izandako zaldibiarra
Otsailaren lehenean hil da Iñaxi Erauskin Garmendia. 1917an jaioa zen, Zaldibiako Zubialde baserrian. Politikariaren zerbitzuko langilea izan zen, bai Errepublika garaian, bai 1936ko gerraren ondoren Donibane Lohizunen.
Iñaxi Erauskin Garmendia, ezkerretik bigarrena, ehun urte bete zituenean Lazkaoko egoitzan egin zioten omenaldian.Goierriko Hitza Iñaxi Erauskin Garmendia atzo hil zen, 106 urterekin. Adin handiaz gain, Euskal Herriko XX. mendeko pertsonaia politiko esanguratsuetako baten oso gertuko pertsona izan zen. Tesforo Monzon politikari bergararraren etxeko zerbitzuan lan egin zuen, 1930eko hamarkadatik aurrera.
Zaldibiako Zubialde baserrian jaio zen Erauskin, Aiestaran Erreka auzoan, 1917ko abuztuaren 31n. Beste gazte asko bezala, neskametzan lan egin zuen, oso garaiz lanean hasita. Hondarribian (Gipuzkoa) familia batentzat neskame lan egin zuen gaztetan, eta gero Telesforo Monzon EAJko aginari, diputatu eta lehen Eusko Jaurlaritzako kontseilarentzat.
Monzonen etxean II. Errepublikaren garaian (1931-1936) hasi zen, eta 1936ko Gerra piztu eta erbesteratu beharra izan zutenean ere, harekin jarraitu zuen Erauskinek. Donibane Lohizunen (Lapurdi) lan egin zuen, eta Ipar Euskal Herrian urte askoan bizi izan zen. Gipuzkoara itzuli zen, politikariarekin batera.
Iñaxi Erauskin Lazkaoko gerontologikoan bizi zen, 2007tik. Hango egoiliar zaharrena zen, eta Goierriko zaharrenetarikoa, zaharrena ez bazen. Ehun urte bete zituenean, 2017an, omenaldi bat egin zioten. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lore sorta bat bidali zion.
Gaur ostirala, Zaldibiako Santa Fe elizan egingo dute Iñaxi Erauskinen aldeko hileta elizkizuna, 17:30ean.
Itsason, 105 urtekoari agurra
Ehun urtetik gorako beste goierritar bati agur egin zioten, lehengo astean, Itsason. Zabalegi baserriko Martin Etxeberria Aranburu 105 urterekin hil zen, urtarrilaren 28an.

Iñaxi Erauskin Garmendia, ezkerretik bigarrena, ehun urte bete zituenean Lazkaoko egoitzan egin zioten omenaldian.Goierriko Hitza













