Troiko urmaela, hegaztientzat paradisua
Troiko Lagunak erabiltzaileak meategi zaharretako urtegiak gaur egun basa bizitzaren eta migrazioko hegaztien biziraupenerako duen balioa erakutsi du, bideo batean. Babestutako espezieak, arriskuan daudenak eta pasabidean atseden hartzeko geratzen direnak hartu ditu. Balio ekologiko zenbaezina duen arren, inguru hura eraldatzeko arriskuan dago, huste eta estaltze proiektu baten kausaz.
Troiko urmaelean hegazti aberastasun handia dagoela irudi bidez erakutsi du Troialagunak erabiltzailea Youtuben, 3 minutuko Troia, meategiko altxorrak arriskuan bideoan. Babestuta dauden espezie batzuk Troiko urmaelaren eremuan nola dabiltzan ikus daiteke, uretan, ertzean edo airean grabatuak: lertxun hauskara, lertxuntxo handia eta lertxuntxo txikia. Baita uretako hegazti batzuk ere: kopetazuria, ubarroia, uroiloa, txilinporta, murgilari arrunta eta murgilari motoduna.
Mehatxatutako espezieak ere atzeman dituzte: murgil handia, txilinporta txikia edota Martin arrantzalea. Hegazti migratzaileen babesleku
1992. urtean itxitako Troia meategitik datozen urak arazteko eraiki zen urtegi hau. Gaur egun basabizitzaren babesleku aparta da, Gipuzkoan inon betetzen ez diren baldintzekin. 100 hegazti espezietik gora eta Gipuzkoako odonato espezieen %90 ikus daitezke bertan. Meategiaren behin betiko itxiera planak urtegiaren hustea lehenesten du arrazoi ekonomikoengatik, baina ez du espezie babestu eta mehatxaturik aipatzen.
Proiektatutako hezegune berriak (20 aldiz txikiagoa) ez du oraingo bioaniztasunik izango”, ohartarazi du egileak.













