Legazpiko Udalak amaitu du herri barruko zuhaitzen kimaketa kanpaina
Europako Inausketa Estandarrari jarraituz burututako lanak dira. Egoera txarrean dauden zuhaitzak bota eta horien ordez berriak ere landatu ditu. San Martinen eta Laubiden daude botatzeko beste lau.
Legazpiko Udalak amaitu berri du herriguneko auzoetan eta kaleetan dauden zuhaitzen aurtengo kimaketa kanpaina, azken urteetan bezala Europako Inausketa Estandarrari jarraituz burututakoa. San Joan auzoan egin dituzte azken lanak.
Hiri ingurunean dauden zuhaitzek «behin eta berriz askotariko inpaktuak» jasotzen dituztela azaldu du udalak, eta ondorioz, natur gunean hazitakoak baino «errazago» hondatzen direla zehaztu du. Horregatik, beharrezkoa da zuhaitzak zaintzea, «herritarren segurtasunerako eta zuhaitzen ongizaterako». Kimaketa lanak zaintza horren barruan kokatzen dira. «Hiriko zuhaizti osasuntsua lortzea eta mantentzea» da helburua.
Zuhaitzak berritzea
Helburu hori lortzeko, zuhaitzak berritzea ere egokitzen zaio udalari tarteka. Horregatik, udalerriko kale bat konpondu behar denean, zuhaitzak aldatzeko baliatzen du batzuetan, haien osasun egoerak eta etorkizunak hala eskatzen badu.
Hala egin dute, esaterako, San Joan auzoan. Udalak bi urte daramatza albo errodunen ordez udareondo apaingarriak landatzen, eta aurten bukatu nahi du proiektua, azken bost zuhaitzak ordezkatuta. Udalak azaldu du gaur egun herriko zuhaitz errodun asko oso egoera txarrean daudela, eta pixkanaka kendu egin beharko direla, «zuhaitz osasuntsuak eta etorkizun onekoak landatzeko, modu askean».
San Joan auzoko albo gehienak egoera txarrean zeuden, «batik bat kimaketen ondorioz adarrak irekitzen diren tokian ura gelditzen baita». Hori arriskutsua izan daiteke oinezkoentzako edo autoentzako.
Bikuñan ere berdina gertatzen da, eta oso egoera txarrean dauden lau albo ordezkatuko ditu. Zuhaitz horiek dauden tokia eraberrituko dituzte, eta oinezkoentzako libre utziko dute. Zuhaitz berriak aldameneko belardian jarriko dituzte, leku aproposagoa delako «osasuntsu» hazi daitezen.
Zuhaitz berri gehiago
Legazpin badaude zuhaitz gehiago egoera txarrean, eta horiek ere aldatuko ditu udalak. San Martin auzoan dauden bi albo eta alibustre bat daude horien artean, baita Laubide auzoan dagoeneko ihartuta dagoen magnolio bat ere.












