Jaietako haurren danborradan, eta larrain eta kapela dantza ikastaroan parte hartzeko izenak eman daitezke
Legazpiko Santikutz jaiak gerturatzen ari dira, eta ohiko ekitaldietarako izen-emateak ireki dituzte. Haurren danborrada maiatzaren 1ean egingo dute, larrain dantza maiatzaren 3an eta kapela dantza maiatzaren 11n.
Legazpiko Santikutzak gerturatzen ari dira, eta jai egitarauko ohiko ekitaldietarako izen-emateak ireki dituzte. Horien artean daude haurren eta gaztetxoen danborrada, eta larrain eta kapela dantzak.
Haurren eta gaztetxoen danborrada maiatzaren 1ean egingo da, arratsaldez, eta bertan HH5etik DBH4ra arteko haur eta gazteek parte hartzeko aukera izango dute. Parte hartzeko izena eman behar da, eta hori on line egin daiteke udalaren www.legazpi.eus webgunean, edo ikastetxeetako idazkaritzan. Hilaren 17a da azken eguna.
Danborradarako entseguak apirilaren 10ean, 12an, 16an, 18an, 22an eta 24an izango dira, 18:30etan Haztegi Ikastolako atzeko frontoian. Entsegu orokorra apirilaren 26an izango da, 20:00etan, Domingo Agirreko pilotalekuan.
Dantza entseguak
Larrain eta kapela dantzak ikasteko ikastaroa, berriz, hurrengo asteazkenean, hilak 6, hasiko da, eta bertara 20:15ean joanda nahikoa da. Sustraiak dantza taldearen lokalean egingo dituzte entseguak, asteazkenetan 20:15ean eta larunbatetan 17:00etan. Adin guztietako herritarrei irekita dago ikastaroa, eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da helburua. Denak daude gonbidatuta.