Pago berri bat dago gaurtik Santikutz egoitzako lorategian
Porrotx eta Mari Motots pailazoek azaroan Latxartegin eskainitako 'Ez gara jaitsiko' ikuskizunean legazpiarrei oparitutako zuhaitza da. Naturaren eta pertsonen zaintzatik “ez jaisteko” gogorarazteko izango da.
Gaur goizetik zuhaitz berri bat dago Santikutz egoitzako lorategian. Porrotx eta Mari Motots pailazoek azaroan Legazpin eskainitako Ez gara jaitsiko ikuskizunean legazpiarrei oparitutako pago bat da, eta natura eta pertsonen zaintzatik “ez jaisteko” gogorarazteko izango da. Gaur goizean landatu dute, herriko ikasleek, egoitzako ordezkariek eta udal agintariek parte hartu duten ekitaldi sinboliko batean.
Porrotx eta Mari Mototsek azaroaren 28an oparitu zieten zuhaitza legazpiarrei, eta herriko ikasleak arduratu dira harentzako kokapena aukeratzeaz. Latxartegiko ikuskizunean parte hartu zuten HH-3. mailatik LH-4.mailara bitarteko 455 ikasleei iritzia eskatu zien horretarako udalak, eta lau gune eman zien, bat aukeratzeko: Mirandaola parkea, Juanastegi 20aren inguruko belardia, Juanastegi 3 etxearen atzeko zelaia eta Santikutz egoitzako lorategia. Santikutz egoitzak jaso zituen bozka gehien.
Aukeraketan parte hartu zuten neska-mutilen artean zozketa egin zuen udalak, eta lau ikasle aukeratu zituen, gaurko landaketan guztien ordezkari gisa parte hartzeko: HH3ko Ekain Benitez eta LH3ko Lola Conforti, Urko Rebollar eta Alias Adriel Gonzalez. Pagoa landatzeaz gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Ez gara jaitsiko! ipuina eta diskoa jaso dute opari.
Pagoa dagoen lekutik oso gertu, 2021ean landatutako intxaurrondo bat dago, hura ere pailazoek oparitutakoa, eta “joan zaizkigun lagun txikiak eta handiak oroitzeko, eta haiekin izandako bizipenak irribarre batekin gogoratzeko” dena.