Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Legazpin egingo diren ekitaldiak aurkeztu dituzte
Legazpiko Udalak eta Lenbur Fundazioak antolatu dituzte elkarrekin, herriko hainbat eragilerekin batera. Aurtengo martxotik hurrengo urteko martxora luzatuko da egitaraua.
Eduardo Txillida eskultoreak harreman estua izan zuen Legazpirekin, eta horregatik bat egin du herriak haren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunarekin. Udalak eta Lenbur Fundazioak gaur aurkeztu dute udaletxean mendeurren hori ospatzeko Legazpin egingo diren ekitaldien egitaraua.
Bi erakundeen artean elkarlanean prestatutako egitaraua da, Eduardo Txillida eta Pilar Belzunce Fundazioaren babesa eta Legazpiko hainbat eragileren laguntza jaso duena. Aurtengo martxotik hurrengo urteko martxora arte luzatuko da, eta era askotako ekitaldiak jasotzen ditu. Erik Galvez alkateak eta Amaia Aizpurua alkate ordeak eta Agurtzane Elustondo eta Luis Txillida Lenbur Fundazioko kudeatzaileak eta lehendakariak aurkeztu dute.
Alkateak esan ditu lehen hitzak aurkezpenean, eta adierazi duenez, legazpiarrak “harro” daude Legazpik Txillida familiarekin 1950etik duen harremanaz, eta horregatik parte hartuko du herriak eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldietan, “munduak ezagutu dezan lotura hori”.
Semea, eskultorea gogoratuz
Luis Txillidak, bestalde, eskultorearen seme eta Txillida Fundazioaren eta Lenbur Fundazioaren ordezkari gisa parte hartu du egitarauaren aurkezpenean, eta kargu horiek “ardura eta ohore handia” direla nabarmendu du. Aitaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko jaso duten interesa eta laguntza ere aipatu ditu, “haren lanak eta harekin lan egin zutenengan utzi zuen arrastoa bizirik dirautela erakusten du horrek”. Legazpirekin izan zuen harremana ere gogoratu du, Arantzazun 1950eko hamarkadan sortu zena eta Patrizio Etxeberriarekin adiskidetasunarekin jarraitu zuena.
“Patriziok, bere forja tailer txikian lan egin ordez, lantegi handi batean lan egiteko aukera eskaini zion. Nire aitak ez zuen hitz egiten obra txikiez edo handiez, baizik eta obra horiek egon behar zuten espaziora egokitutako eskalaz. Haizearen orraziak eskatzen zion eskalagatik, ezinezkoa zen forja txikian egin, baina lantegian bai. Zorte handia izan zuen lantegian lan egin ahal izatean, eskala desberdinekin lan egiteko aukera izan zuelako”. Legazpiko lantegian aurkitu zituen baldintza teknikoak eta “lantalde zoragarria” ere gogoratu ditu Txillida semeak, baita “indarra, besoak” ere.
Ekitaldiak, martxotik martxora
Ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute udalak, Lenburrek eta herriko hainbat eragilek “Txillida Legazpirentzat zein garrantzitsua den gogoratzeko”, Amaia Aizpuruak azaldu duenez. Programak bi helburu ditu, batetik, “legazpiarrok bai Txillida eta bai bere ekarpena ezagutzea”, eta bestetik, “kanpoko jendea guregana erakarri eta hemengo ondarea eta Txillida bera ezagutzea”.
Legazpiko egitaraua aurtengo martxoan hasi eta 2025eko martxora arte luzatuko da, eta hilero izango da ekitaldiren bat. Lenburren ekimenez prestatutako egitaraua dela gogoratu du fundazioko zuzendari Agurtzane Elustondok, eta udalaren aldetik jasotako erantzuna, Txillida fundazioren laguntasuna eta inplikatutako eragileen laguntza eskertu ditu. Egitaraua “herriak Txillidari Legazpigatik egin duena aitortzeko eta eskertzeko” balioko du, eta “pizgarria izango da Txillida Lantokia eta Legazpiko industria ondare guztia ezagutzera emateko”.
Era askotako tailerrak edo jarduerak, hitzaldiak, jaialdiak, bisita bereziak, erakusketak… denetik biltzen du egitarauak, eta hitzordu gehienak lotuta badaude ere, “egitarau bizia” da, eta ekintza gehiago txertatzen joango dira bertan.
Txillida 100 urte, Legazpiko egitaraua
Martxoa
– Martxoak 31: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Martxoak 31: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Apirila
– Apirilak 12: Txillida eta Legazpi hitzaldia, Luis Txillidarekin
– Apirilak 28: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Apirilak 28: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Maiatza
– Maiatzak 1: Txillidari eskainitako karroza haurren danborradan
– Maiatzaren 13tik 26ra: Txillida eta Legazpi erakusketa eta lehiaketa, Ilinti merkatari elkartearen eskutik
– Maiatzak 26: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Maiatzak 26: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Ekaina
– Ekainaren 14tik 30era: Legazpiko hainbat taldek Txillidaren inguruan sortutako lanen erakusketa, Txillida Lantokian
– Ekainak 15: Txillida Leku eta Txillida Lantokira doako bisitak legazpiarrentzat
– Ekainak 23: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Ekainak 23: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Uztaila
– Uztailak 28: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Uztailak 28: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
Abuztua
– Abuztuak 25: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Abuztuak 25: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
Iraila
– Irailaren 20tik 29ra: Legazpitik mundura erakusketa, Txillida Lantokian
– Eguna zehaztu gabe: Erih Dance Event dantza ikuskizuna Legazpiko dantzarien partaidetzarekin, Txillila Lantokian
– Eguna zehaztu gabe: Zinema zikloa Txillidaren inguruan
– Irailak 29: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Irailak 29: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Urria
– Urriak 18: Bellota lantegira bisita, Patrizio Etxeberriaren eta Legazkiko industria eraldaketaren inguruko erakusketa ikustera
– Urriak 27: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Urriak 27: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Urtarrila 2025
– Urtarrilak 26: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Urtarrilak 26: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Otsaila
– Otsailak 23: Familia plana, Mirandaola burdinola eta arte tailerra Txillida Lantokian
– Otsailak 23: Burdina, tradiziorik modernitatera bisita berezia
– Ikasleentzako arte tailerrak
Martxoa
– Martxoak 29: Txillida, Legazpitik mundura ikuskizun erraldoia, herriko kultur eragileen partaidetzarekin, Bikuña kiroldegian