Osinberde bertso sariketa bihar jokatuko da Zaldibian, Goierriko ibiliari ekiteko
Sei bertsolari gaztek kantatuko dute, horietatik hiru debutariak. Afari-txartelak geratzen dira oraindik. Puntu gehieneko lehen bi bertsolariek Gabiriako Osinalderako txartela eskuratuko dute.
Aner Peritz zarauztarra, Maddi Aiestaran beasaindarra, Josu Ibarguren oiartzuarra, Janire Arrizabalaga gernikarra, Ekain Alegre altsasuarra eta Maite Sarasola deustuarra Zaldibiako Osinberde elkartean bertso kantari izango dira, bihar. Bertsolari gazteentzako XI. Osinberde Saria jokatuko dute, urteroko legean Zaldibiako Bertsozale Elkarteak (Zabel) antolatuta.
Afaria izango da, lehendabizi, 20:30ean hasita. Txartelak Joxepane ostatuan dauzkate salgai, eta oraindik badaude. Gaur, eta bihar azken unera arte, afaritara joan nahi duenak erosteko aukeran eta moduan izango ditu txartelak (30 euro). 60 bat lagun sartzen dira Joxepaneko jangelan.
Bertso saioa 22:30 aldera hasiko da, mahai bueltan. Saioa entzutera sartzeko atea zabalik egongo da, nahi dutenentzat. Zaldibian, Ordizian eta Aztirian egingo dituzte kanporaketak.
Sari bikoitza irabazleak
Gai jartzaile Joxi Irastortza zaldibiarra ariko da, eta epaile Martin Aramendi, Mikel Urteaga, Alaitz Sarasola eta Iñaki Murua Gorriñe. Trikitilariak ere izango dira, Irribarria anaia aramarrak, Ekhi soinuarekin eta Iker panderoarekin. Koplako ariketan lagunduko diete bertsolariei, eta giroa alaitzen ere saiatuko dira.
Sariei dagokienez, saioko irabazlea epaileen puntuazio altuena atera duen bertsolaria izango da, eta hark jasoko du 11. Osinberde sariko garaikurra. Horrez gain, Gabiriako Osinalde sarira sailkatuko dira lehenengo eta bigarren bertsolariak. Entzuleek ere emango dute beste sari bat: gustukoenari emandako boto gehien jasotzen dituenak.
Goierritar bat ariko da: Maddi Aiestaran beasaindarra. Bigarren parte-hartzea du Goierriko sariketetan, baita Josu Ibargurenek ere. Aner Peritzek hirugarrena du, azkenekoa horrenbestez. Iaz finalista izan zen, baina Osinberden aurreneko aldiz ariko da.
Debutariak, bihar Osinberden, Janire Arrizabalaga, Ekain Alegre eta Maite Sarasola dira.