Hemezortzi gazteri bertso trebakuntza plaza emango diete Goierriko sariketek
Martxoan jokatuko dira Osinberde, Aztiria eta Argi Berri sariak. Seikoteko lehen bi bertsolariak Osinaldeko finalera sailkatuko dira, apirilaren 6rako. Hiru goierritarrek parte hartuko dute.
Bertsolari gazteen Goierriko sariketak martxoan eta apirilean jokatuko dira. Ohi bezala, kanporaketatzat balioko duten hiru saiok eta horietatik eratorritako azken final batek osatuko dute sorta. Seina bertsolari gonbidatuko dituzte Osinberde (Zaldibia), Aztiria (Gabiria) eta Argi Berri (Ordizia) sarietara.
Martxoan zehar jokatuko dira hiru sailkatze saioak: martxoaren 9an Osinberdek ekingo dio egutegiari; martxoaren 16an Aztirian jokatuko da, eta 23an, azkenik, Argi Berri elkartean. Orduan zehaztuko da Gabiriako Osinalde sarian apirilaren 6an kantatuko duen seikoa, kanporaketa bakoitzetik lehenengo biak sailkatuta.
Erdiak, berriak
Lehenengo aldiz, hemezortzi bertsolari partaideak XXI. mendean jaioak dira. Berritze nabarmena izango du aurtengo emanaldiak: bederatzi lehenbiziko aldiz ariko dira Goierriko hiru sariketetako batean.
Iaz Osinaldeko finalera iritsi zirenetatik bakarrak errepikatuko du aurten: Aner Peritz zarauztarrak. Bost bertsolarik hirugarren partaidetza izango dute, lehiaketako gonbidapen-arauen arabera, azkena: Peritzek, Ekhiñe Zapiainek, Haizea Aranak, Aitor Ugartek eta Bittor Altubek. Bigarren aldia dute, bestetik, Maddi Aiestaranek, Aitor Tatiegik, Aroa Arrizubietak eta Maide Garmendiak.
Lurraldetasunari dagokionez, bertsolarien ia erdiak –zortzi– gipuzkoarrak dira; lau bizkaitar, hiru nafar, bi arabar eta lapurtar batek osatzek dute Osinalderen aurreko koadroa.
Horien artean, hiru goierritar daude. Maddi Aiestaran beasaindarrak 2023an Osinberden kantatu zuen, eta aurten ere han egokitu zaio. Maide Garmendia zaldibiarra 2022an Argi Berrin aritu zen, eta oraingoan ere Ordiziako elkarte horretan ariko da. Azkenik, Mikel Etxezarreta olaberritar debutaria Aztiriko sarira gonbidatu dute, lehen aldiz.
Lau saioek egitura berbera edukiko dute. Lehenik afariak izango dira elkarteetan, 20:30ean hasita. Ondoren, bertso saioa, mahaiaren bueltan.
Kanporaketak
- Zaldibia. Osinberde Saria, martxoaren 9an. Joxepane ostatuan afaria (20:30) eta saioa.
Bertsolariak: Aner Peritz (Zarautz, 2002), Maddi Aiestaran (Beasain, 2001), Josu Ibarguren (Oiartzun, 2000), Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003), Ekain Alegre (Altsasu, 2001) eta Maite Sarasola (Deustu, 2001). - Aztiria. Aztiriko Saria, martxoaren 16an. Aztiri-Bat elkartean afaria (20:30) eta saioa.
Bertsolariak: Aitor Tatiegi (Oñati, 2001), Ekhiñe Zapiain (Bera, 2002), Eki Mateorena (Leitza, 2005), Iruri Altzerreka (Garai, 2000), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004) eta Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003). - Ordizia. Argi Berri Saria, martxoaren 23an. Argi Berri elkartean afaria (20:30) eta saioa.
Bertsolariak: Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001), Haizea Arana (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte (Aramaio, 2002), Bittor Altube (Abadiño, 2001), Maide Garmendia (Zaldibia, 2002) eta Irantzu Idoate (Hazparne, 2005).
Finala
- Gabiria. Osinalde Saria, apirilaren 6an. Osinalden afaria, saioa.
Bertsolariak: hiru sarietatik sailkatutako lehen bina bertsolari.