Osinalde sariketako azken bi finalistak Argi Berri Sarian erabakiko dira
52. Osinalde sariketako azken kanporaketa izango da 26. Argi Berri Saria. Haizea Arana, Aroa Arrizubieta, Aitor Ugarte, Bittor Altube, Maide Garmendia eta Irantzu Idoate ariko dira kantuan.
Bertsolari gazteen 52. Osinalde sariketako kanporaketa fasea asteburuan amaituko da. Zaldibiako eta Gabiriako kanporaketen ondoren, bihar, Ordizian jokatuko da hirugarrena eta azkena. Hala, sei finalistetatik lau izendatuta daude jada, eta biharko 26. Argi Berri Sarian erabakiko dira beste bi finalistak.
Martxoaren 9an hasi zuen bidea aurtengo Osinalde sariketak. Zaldibiako Joxepane Herri Ostatuan jokatu zen XI. Osinberde saria. Josu Ibarguren oiartzuarra, Ekain Alegre altsasuarra, Maite Sarasola deustuarra, Aner Peritz zarauztarra, Maddi Aiestaran beasaindarra eta Janire Arrizabalaga gernikarra aritu ziren bertsotan. Arrizabalagak jaso zuen entzuleen saria, Peritzek irabazi zuen, eta Aiestaran sailkatu zen bigarren.
Bigarren kanporaketa, berriz, Aztiria Saria izan zen. Martxoaren 16an jokatu zen, Gabiriako Aztiri-Bat elkartean, Iruri Altzerreka garaitarraren, Eki Mateorena leitzarraren, Ekhiñe Zapiain beratarraren, Mikel Etxezarreta olaberritarraren, Aitor Tatiegi oñatiarraren eta Naia Arrizabalaga azkoitiarraren artean. Tatiegi eta Mateorena sailkatu ziren Osinalderako, eta entzuleek Etxezarretari eman zioten saria.
Azkeneko biak
Bihar gauean, Ordiziako Argi Berri Elkartean beste sei bertsolari gazte ariko dira kantuan: Aroa Arrizubieta gasteiztarra (Arabako Bertsolari Txapelketa irabazi berri du), Haizea Arana eskoriatzarra, Aitor Ugarte aramaioarra, Bittor Altube abadiñoarra, Maide Garmendia zaldibiarra eta Irantzu Idoate hazparnearra. Aurkezle eta gai jartzaile lanak Igor Egurenek egingo ditu.
Argi Berri Sariaren irabazlea bera nor den erabakitzeaz gain, apirilaren 6an Gabirian jokatuko den Osinalde sariketara jada sailkatu diren Aner Peritz, Maddi Aiestaran, Eki Mateorena eta Aitor Tatiegirekin batera bertsotan zeintzuk ariko diren zehaztuko da.
Afaria lehenago
23:00ak aldera hasiko da saioa. Saioaren aurretik, afaria antolatu du Argi Berrik, elkartean bertan, 20:30ean. Afariaren kostua 30 eurokoa da. Afarira joan nahi dutenek 649 011 262 mugikor zenbakira deitu dezakete izena emateko. Afarian parte hartu gabe ere, saioa entzutera joan nahi dutenek aukera izango dute.