Kopla desafio-afaria eta ekitaldia izango dira Lazkao Txiki oroitzeko
Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' hil zela 31 urte bete ziren apirilaren 3an.
Beste urtebetez, Lazkaoko Gerriko elkarteak eta harekin lankidetzan Oin Arin dantza taldeak, Lazkao Txiki Musika Eskolak, GoiBE bertso eskolak eta udalak Lazkao Txiki bertsolaria gogoratzeko egitaraua antolatu dute. Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki hil zela 31 urte bete ziren apirilaren 3an.
Berrikuntza bat sartu dute aurtengo egitarauan. Ohiko bersto-afariaren ordez, kopla desafioa antolatu dute. Etzi izango da, ostiralarekin, Lazkaoko Gerriko txokoan, 20:30ean.
Lehenbizi afaldu egingo dute; txistorra, salda, haragia tomatearekin eta postrea (25 euro; 18 urte artekoek eta langabetuek 15 euro). Izena eman behar da aurrez (688 82 28 71, 943 88 65 00 edo gerrikokultura@gmail.com).
Kopla desafioa afal ondoren hasiko da –entzutera joan nahi dutenentzat sarrera libre izango da–. Zortzi bertsolari goierritar gonbidatu dituzte: Mikel Iturriotz, Odei Lopez, German Urteaga, Mikel Etxezarreta, Maialen Akizu, Uxue Fernandez, Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi.
Igandean, ekitaldia
Urteroko Lazkao Txiki gogoan omenaldi-ekitaldia, bestetik, igandean egingo dute, 12:30ean, Lazkao Txiki Zelaian. Musika eskolako musikariak, dantzariak eta GoiBE eskolako bertsolariak izango dira partaide.













