Hauteskundeetako emaitza "oso estua" izatea espero du EAJk
Xabier Barandiaran EAJren Gipuzkoako hautagaia Goierri garaiko hainbat hautagai eta kide jeltzalerekin elkartu da Legazpin. Herritarrak hauteskundeetan parte hartzera deitu ditu.
Goierri garaiko hainbat militante eta kargudun publiko Legazpin elkartu ziren atzo arratsaldean, igandean egingo diren hauteskundeetako kanpainaren azken txanpan. Xabier Barandiaran Irastorzak, EAJren Gipuzkoako hautagai ataundarrak, aurreratu du hautesontziek utziko duten emaitza “oso estua” izango dela, eta, beraz, hilaren 21etik aurrera lehendakaria nor izango den erabakitzeko orduan, “boto bakoitza erabakigarria” izango dela. Imanol Pradales Gil da lehendakari izateko EAJren hautagaia.
“Irabazteko aukera duten bi ereduren artean aukeratu behar du gure gizarteak. EH Bilduk ez du proposamenik egiten, ez norabide argirik eskaintzen gure herriak arlo sozialean eta ekonomikoan aurrera egin dezan. Bere eredua ziurgabetasunaren eta enpresa ehunarekiko mesfidantzaren sinonimoa da. Aitzitik, Imanol Pradalesen eskutik, EAJk bermatzen du Euskadik pertsona guztien ongizatean aurrera egiten jarraitzea, beharrezko hobekuntza guztiak eginez, gure autogobernua defendatuz eta gure gizartea elkarlanetik, orekatik eta bizikidetzatik eraikiz”, adierazi du Barandiaranek.
Industria eta lehiakortasun ekonomikoa
EAJren Gipuzkoako zerrendako hautagaiak berretsi du ordezkatzen duen alderdiak “industriaren” eta lehiakortasun ekonomikoaren alde egiten duen apustu “argia”, “ongizatea banatzeko, lehenik eta behin, beharrezkoa delako aberastasuna sortzea”.
Jarduera ekonomikoaren alde egindako lan “nekaezin” horren isla, Legazpiko Sidenor zaharraren 90.882 metro koadroko azalera berrurbanizatzeko eta berrantolatzeko lanen emaitza “positiboa” ezagutu ahal izan du Barandiaranek. Sprilurrek (Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundea) Euskal Autonomia Erkidegoan duen lanen artean eremu industrial degradatuenetako bat da.
Irun-Brinkola trenbide sarea
Era berean, EAJren ordezkariak, Eric Galvez alkatea buru zutela, Renfeko aldiriko geltokira hurbildu ziren, eta bertan geltokiaren berrikuntza bultzatzeko “konpromisoa” azpimarratu dute, Legazpirekiko “zor historikoa atzerapen gehiagorik gabe” gauzatu dadin eta legazpiarrek “merezi duten kalitatezko zerbitzua” izan dezaten.
“Eusko Jaurlaritzak lortutako Aldirietako eskumenaren transferentziak Irun-Brinkola sare osoa hobetzeko aukera emango digu, agerikoa baita modernizazio beharra eta, batez ere, azken urteotan hainbeste ahuldu den zerbitzuaren hobekuntza. EAJk garraio publikoarekin eta trenarekin duen konpromisoaren barruan, hobekuntza horiek gauzatzearekin konprometitzen gara, mugikortasun eredu moderno, berdintasunezko eta jasangarri baterantz aurrera egiten jarraitzeko”, gehitu du Barandiaranek.