Kanpotarrak erakartzeko asmoz antolatu dituzte aurten sanmigelak Ezkion
Urrezko Aizkorako kanporaketa jokatuko da igandean. Gaur eskolarteko pilota txapelketako kanporaketak jokatuko dituzte. Maiatzaren 8an da San Migel eguna.
Dena prest dute dagoeneko Ezkion, maiatzaren 3tik 5era San Migel jaiak ospatzeko. Jai giroko ekintzez gain, kirol probak izan ohi dira goiko auzoko festetako ezaugarri nagusiak. Ohiko Izazpiko igoera eta pilota txapelketez gain, aurten, berrikuntza moduan, Urrezko Aizkorako kanporaketa izango da igandean, Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarraren parte hartzearekin.
Antolakuntza lanetan dabilen jai batzordeko kide Asier Alberdik esan duenez, aurten «kanpoko jendea erakartzeko» helburuz antolatu dituzte festak. Kontzertuak eta festa giroko hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako. Ostiralean, sagardo dastaketa egongo da —hamar sagardotegitako zukuak izango dira aukeran—; bertso afaria antolatu dute ondoren, Iker Zubeldia, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarreta bertsolariekin eta Iratzar taldearekin erromeria izango da amaitzeko.
Urrezko Aizkoraren kanporaketak hainbat aldaketa eragin ditu aurtengo egitarauan,eta ondorioz, Izazpiko Igoera kros herrikoia igandetik larunbatera aldatu dute. 10:00etan hasiko da helduen proba eta ondoren, haurrena. Herri bazkaria ere izango da larunbatean. Horixe izan ohi da jai guztietako ekintza jendetsuena, «urtero 200 bat pertsona» batzen dituena.
Pilota finalak, igandean
Eskolarteko pilota txapelketa eta Pilota Goxuaren finalak ere San Migeletako egitarau barruan jokatuko dituzte. Eskolartekoa bi jardunalditara murriztu dute aurten. Bihar arratsaldean jokatuko dituzte kanporaketak eta igandean, maiatzaren 5ean, 16:00etatik aurrera izango da finala.
Seigarren urtez, Pilota Goxua txapelketa martxan da eta pasa den asteburuan jokatu ziren finalerdien ondotik, Intxausti eta Elortza segurarren eta Bereziartua eta Barandiaran lazkaotarren artean jokatuko da finala, eskolartekoen partiden ondotik.
Lehenengo aldiz jokatuko da aurten Urrezko Aizkorako kanporaketa Ezkion. Profesionalen mailan Arkaitz Etxebeste, Mikel Larrañaga eta gaur Lazkaon jokatuko den kanporaketan sailkatutako beste bi aizkolari lehiatuko dira. 18 urtez azpikoen mailan, Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarrak ere parte hartuko du, «oso maila onean dabil azken boladan», dio Alberdik, eta hori izan da proba antolatzeko aitzakietako bat. Bide batez, kontzertu eta bestelako ekintzak bezalatsu, kanpoko jendea erakartzeko aitzakia izango da proba «aizkora indar piskat hartzen ari da eta garrantzitsua da horrelako proba bat herrian antolatu ahal izatea».
San Migel eguna, amaitzeko
Asteburu honetatik kanpo, maiatzaren 8ko ospakizunekin amaituko dituzte jaiak ezkiotarrek, San Migel egunez. Alberdik esan duenez, «herrikoentzako eguna» izan ohi da. Tradizioak agintzen duen bezala, meza nagusiarekin emango diote hasiera egunari eta bertakoek bazkaritara elkartzeko ohiturari eutsiko diote. Trikitilariek girotuko dituzte kaleak egun osoan zehar.
EGITARAUA
Maiatzak 3
- 18:00. Txupinazoa.
- 18:30. Sagardo dastaketa. 10 sagardotegitako sagardoak eta pintxoak, aukeran.
- 21:30. Bertso afaria Iker Zubeldia, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarreta bertsolariekin.
- 00:30. Iratzar taldearekin erromeria.
Maiatzak 4
- 10:00. Helduen kros herrikoia, Izazpiko igoera.
- 11:30. Umeen kros herrikoia. Ondoren, bi lasterketetako sari banaketa herrigunean.
- 13:00. Toka txapelketa.
- 14:00. Herri bazkaria Aritz Markinez eta Iker Sukia trikitilariek alaituta. Ondoren, bingoa.
- 17:00. Haurrentzako jolasak.
- 20:00. Trikidantz taldearekin erromeria.
- 22:00. Afaltzeko atsedena.
- 23:00. Mugi panderoa taldearen emanaldia.
Maiatzak 5
- 11:30. Trikitixa saioa Aitor Zaldua, Joseba Zaldua eta Maddi Zalduarekin.
- 12:00. Herri kirolak. Urrezko aizkoraren kanporaketak.
- 16:00. Haur eta helduen arteko pilota partidak. Ondoren, barrikotea trikitilariek alaituta.
Maiatzak 8 , San Migel eguna.
- 11:00. Meza nagusia.
- 17:00. Haurrentzako jolasak eta txokolate jana.
- Egun osoa zehar, trikitilariek giroa alaituko dute.