EKITALDIA. Indarkeria matxistaren aurkako lehen garrasia, komunitatean
Azaroak 25

EKITALDIA. Indarkeria matxistaren aurkako lehen garrasia, komunitatean

Ordizian Kimetz emakumeen elkarteak, Oianguren Institutuak, Jakintza Ikastolak, Goiztiri AEK euskaltegiak, Ordizia Kolorek, Garagune Zentroak eta Ordiziako Berdintasun Sailak giza katea eta ekitaldia egin dituzte frontoian.

Goizean egin duten giza katea, Altamiratik erdigunera bidean.Izaro Villarreal

Beste behin ere, Ordizia Hiri Hezitzailearen testuinguruan, emakumeenganako indarkeriarekin behin-betiko bukatzeko giza katea eta ekitaldia egin dituzte gaur goizean Ordizian. Kimetz emakumeen elkarteak, Oianguren Institutuak, Jakintza Ikastolak, Goiztiri AEK euskaltegiak, Ordizia Kolorek, Garagune zentroak eta Berdintasun Sailak elkarlanean antolatu duten jarduera izan da, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko mezu argiak helarazi dituzte lau haizeetara. 

Altamirako anexotik abiatu dute giza katea goizeko 11:00ak heldu eta berehala. Kasko zaharrera arteko ibilbidea egin dute eta erdiguneko kaleak hainbatetan zeharkatu ondoren, frontoian egin dute urteroko ekitaldia. Komunitate bakoitzak irakurketa, kanta, olerki edota dantza bana plazaratu dute. 

Kimetz Elkarteko Belen Balerdi izan da hitza hartzen aurrena, eta ozen azaldu du gaur-gaurkoz beharrezkoa dela indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio eta kontzientziazioaren beharra: «Indarkeria matxistarena ez da iritzi-gaia, errealitatea baizik. Ez da keinu sinbolikoa, oroigarria baizik. Emakume izate hutsagatik zapalduak izaten jarraitzen dugu». 

Datu batzuk ere eman dituzte elkarteko kideek: «10 adingabetik 2k onartzen dute entrenatzaileen sexu-jokabideak jasan dituztela; Osakidetzak artatzen dituen sexu-erasoen %40a adingabeak dira; 4.814 emakume izan dira genero-indarkeriaren biktima Euskadin 2026ko lehen sei hilabeteetan…». Errealitate gordin horren aurrean, isiltasunak «konplize» egin duela salatu dute, eta erantzukizunak hartzea eskatu. 

Ekitaldia 

Ikasleen txanda izan da jarraian. Jakintza Ikastolako ikasleak izan dira oholtzara igotzen lehenak, eta bertsoak zein dantzak ez ezik, irakurketa bat ere plazaratu nahi izan dute. Indarkeria matxistaren aurkako konpromisoak «egunerokoa» izan behar duela aldarrikatu dute, eta «denon artean gizarte berri bat eraikitzera» deitu dituzte herritarrak. 

Oianguren Institutuko ikasleek ere aldarri bera plazaratu dute, trikitiarekin lagundutako olerki baten bidez. Olerki bera euskaraz, gaztelaniaz, errumanieraz eta arabieraz irakurri dute ikasleek. 

Bi ikastetxeek elkarlanean ondutako adierazpena ere irakurri dute, eta baita mutilen adierazpena ere. Zuhaiztiko irakurle taldeak, gainera, gogoeta propioa ere egin du. 

Goiztiri AEK euskaltegiko ikasle eta irakasleek, berriz, Eñaut Elorrietaren Inesa Gaxen kantua abestu dute, eta ekitaldiaren amaieran, kanta hori bera interpretatu dute talde bakoitzeko lau ordezkariren artean. Hala, Ordizia Koloreko sahararren garrasi eta irritzi zein frontoi oso baten garrasikadarekin amaitu dute ekitaldia. 

Eragile bakoitzaren mezuekin osaturiko lorea ere irudikatu dute, denen artean. 

Arratsaldean, gehiago 

Arratsaldean ekitaldi gehiago izango dira Ordizian, herri aliantzak antolatuta: 18:00etan, Garrasikada, herrian zehar; 19:00etan manifestazioa arboledatik, eta 19:30ean ekitaldi bateratua Plaza Nagusian eta performance-a Urrup antzerki taldearen eskutik. 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa