Jatorri ezberdinetako pertsonen topaleku izango da Ormaiztegi
Kulturarteko Festaren seigarren edizioa egingo dute igandean. Gastroazoka, dantzak eta musika dira festaren muina. Berjaldegi auzoko bizilagunek auzoko jaia antolatu dute bigarrenez.
Ekaina iristearekin batera, ezinbesteko hitzordua bilakatu da Kulturarteko Festa ormaiztegiarren egitarauan. Aurtengoa seigarren aldia izango da eta igande honetan ospatuko dute. Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi museoak elkarlanean antolatzen duten ekimena da. Atzo arratsaldean aurkezpen ekitaldia egin zuten Jon Enrike, Ormaiztegiko alkateak, udaleko eta Zumalakarregiko ordezkariek eta antolakuntza taldean aritu diren herritarrek.
Euskal Herriaz gain, mundu zabaleko zazpi herrialdek —Ekuador, Espainia (Extremadura) Frantzia, Kolonbia, Nigeria, Nikaragua eta Senegal— izango dute ordezkaritza igandeko festan. Tokian tokiko jatorrizko jantzien desfileak emango dio hasiera festa egunari, 11:00etan. Gastroazokan jatorrizko 22 plater ezberdin dastatzeko aukera izango da. Pintxoak 1,5 euroan jarriko dituzte salgai. Musikak eta dantza erakustaldiek osatuko dute gainontzean, egitaraua.
Enrikek, Europar Batasuneko hauteskundeei keinu egin die Kulturarteko Festaren aurkezpenaren harira. Kanpainan zehar migrazioaren gaiari politikariek eman dioten «kutsu ekonomikoa» deitoratu du, igandekoa bezalako ekimenaren bitartez, Ormaiztegin «pertsonei» ematen dietela garrantzia azpimarratuz. «Pertsonak garen heinean migratzeko eskubidea daukagu, eta harrera herria garen aldetik, kanpotik datozenak jasotzeko betebeharra ere bai», gaineratu du.
Afari-merienda egin zuten, bukatzeko. Giro aproposa izan zuten elkarrekin mahaia eseritzeko.

Kulturarteko Festara itzulita, herrian «guztiz errotuta» dagoen ekimena dela uste du alkateak. «Bertako herritarron parte ere bada, ulertu dugu ez dela soilik kanpotik datozenen kontua. Gurea den zerbait bezala sentitzen dugu», gaineratu du. Gaur egun, atzerritar jatorria duten 130 lagun bizi dira Ormaiztegin eta aniztasun horren adierazle izango da, beste behin, igandeko festa.
Baina kultur artekoa ez da asteburu honetan Ormaiztegin ospatuko den festa bakarra izango. Iazko arrakasta ikusita, bigarren aldiz ospatuko dute Berjaldegin auzoko jaia, larunbatean. 12:00etan pregoia irakurri ondoren, haurrentzako jolasak daude. 14:30ean bazkaria, bingoaz lagunduta eta 18:00etatik 22:00etara, Jai Alai DJaren saioa.











