Bizikleta, txuleta eta cava
Sant Sadurni D´Anoiara bizikleta irteera egin dute hainbat zegamarrek asteburuan. Behin helmugara iritsita Zegamako txuletak eta hango cava edanda ospatu dute asteburuko ekintza gogoagarria.
Kirola lagunen arteko harremanak sendotzeko aitzakia ere bada eta horren erakusle da, zortzi zegamarrek pasa den asteburuan egin duten balentria. Bizikletan osatu dituzte Zegama eta Sant Sadurni D´Anoia (Herrialde Katalanak) banatzen dituzten 510 kilometroak. Aitor Perez, Gorka Lazkano, Eneko Arratibel, Mikel Larrea, Arkaitz Aizpeolea, Xabier Morillo, Urko Apaolaza —zeraindarra— eta Ruben Zabaleta dira protagonistak. Ibon Zabaleta, Diego Arratibel, Kelo Perez eta Nikolas San Juan izan dituzte bidelagun, furgonetekin.
Laugarren urtea da Zegamako txirrindulariek asteburuko irteera bat antolatzen dutena. Ruben Zabaleta Elkartu Nahi Txirrindulari elkarteko kideak azaldu duenez, 2021ean Potesera (Kantabria) joan ziren, iaz Donejakue Bidea egin zuten eta 2022an eta aurten Sant Sadurni D´Anoia izan dute helmuga. «Bi herriok senidetuta gaude eta bertako jendearekin harremana egin dugu azken urteetan», azaldu du. Orain bi urteko irteerak «zapore ona» utzi ziela eta aurten errepikatzea pentsatu zuten.
Bi etapa, bide bat
Uztailaren 5ean, ostirala, goizeko seietako kanpaiak jotzearekin batera abiatu zen tropela Zegamatik Kataluniara bidean. Oliten (Nafarroa) egin zuten lehendabiziko geldialdia, eta 220. kilometroan bigarrena, bazkari «azkar bat» egiteko: «Arroza, oilasko bularrak eta tortilla». Albalate de Cinca (Aragoi, Huesca) izeneko herrian amaitu zuten lehenengo etapa, «bero ikaragarriarekin». Zeuden 35 graduei aurre egiteko, ez zen ostatu hartu zuten hoteleko igerilekuan bainurik falta izan.
«Bi herriok senidetuta gaude eta bertako jendearekin harremana egin dugu azken urteetan»
Ruben Zabaleta. Elkartu Nahi elkarteko kidea
Goizean goiz abiatu ziren biharamunean. Sant Sadurnira arteko 220 kilometroak egin eta 16:30 inguruan iritsi ziren helmugara. Harrera lehenengo aldian baino xumeagoa izan zela dio Zabaletak, baina egiari zor, «oraingo honetan gehiegi iragarri gabe egin dugu bidaia», aitortu du. Udaleko agintariren bat agertu zen harrera egitera, «sare sozialetan» horren berri jakin eta gero. Egiaz, ez zen elkartruke ofiziala izan, lagunen arteko topaketa bat baizik. Caves Blancher upategiko lagunekin elkartuta afaria egin zuten iluntzean. Zegamatik txuletak «eder askoak» eraman zituzten bertakoek hala eskatuta, eta cavarekin bustita egin zuten afari legea.
Lagun arteko «giro ederrean» egin dute bidea baina , lehenengo egunean kontra izan zuten haizeak bidea zaildu eta sufritu ere egin dutela aitortu du Zabaletak. Hurrena nora izango den antolatzea dute orain, erronka.