Ehunmilak trilogia, lasterketa bat baino askoz ere gehiago
Ohiko hiru probak mantenduko dira, aldaketa handirik gabe. 1.313 korrikalarik parte hartuko dute hiru probetan banatuta.
Badator Ehunmilak trilogiaren hamahirugarren edizioa. Aldaketa handirik gabe dator. Distantziak eguneratu direla akaso. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aurreko edizioetan izan zen kopuruari eutsi zaio. Ostegunean eman zituzten 2024 urte honetako edizioko xehetasun guztiak. Gorka Sudupe Ternuako ordezkaria, Jon Ubide Goiturreko ordezkaria, Leire Artola Beasaingo alkatea, Andoni Zubeldia Ehunmiletako antolakuntzako kidea eta Mireia Trigueros Euskal Mendi Federakuntzako Mendi Lasterketen batzorde burua izan ziren Igartza jauregian egin zen prentsaurrekoan.
Kirol arloari dagokionean, urteroko hiru probak mantenduko dira, baina aurtengoan distantziak eta desnibelak eguneratu egin dituzte. Ehunmilak ultra trail probako lasterkariek 171 kilometro osatu beharko dituzte eta desnibela 10.500 metrokoa izango da; Goierriko Bi Handiak lasterketa 90 kilometrokoa izango da, eta 5.500 metroko desnibela izango du; Marimurumendi maratoia, 42 kilometrokoa izango da, eta 2.300 metroko desnibela izango du. Uztailaren 12an, 18:00etan abiatuko dira ultra traileko lasterkariak, egun berean 23:00etan abiatuko dira Goierriko Bi Handiak probakoak, eta igandean, hilak 14, 08:00etan aterako dira Marimurumendi maratoikoak.
Goierri mapan
Hainbeste urtean Ehunmilak posible izan bada, antolakuntzaren eta boluntario sarearen lanari esker izan da. Hamahirugarren edizioaren aurkezpenean Leire Artolak berak ere Ehunmiletako esfortzu humanoa nabarmendu nahi izan zuen. «Udalarentzat benetan poztekoa da antolatzaileek eta boluntario taldea osatzen duten pertsonek, urtez urte, proba honen inguruan egin duten ibilbidea, eta hori, aitortzeko modukoa da», hasi zen. «Ehunmiletako hiru lasterketak onuragarriak dira Beasainentzat, batetik, gurea dugun auzolana, gizarte kohesioa sustatzen dute, erlazioak sortzen dituzte, pertsonak sozializatzeko puntu bat ere bada, parte hartzea sustatzen dute eta horrekin, gizarte inklusiboago bat eraikitzen laguntzen da, eta horren froga da, korrikalari eta komunitatearen artean sortzen den elkartasun giroa», jarraitu zuen esaten. Bestetik, Ehunmilak, turismoa ere sustatzen duela nabarmendu zuen Artolak, izan ere, jende asko mobilizatzen du. «Beasain, Goierri, Gipuzkoa, eta Euskal Herriaren irudi positiboa azaleratzen da. Bisitariak etortzen dira kanpotik ere, eta gure ekonomian badauka eragina», ondorioztatu zuen. Eta kirola ere sustatzen duela gogoratu zuen alkateak. «Jarduera fisikoaren eta osasunaren erlazio zuzena sustatzen du. Ingurune paregabeak zeharkatzeko aukera ematen du, erronka, izaten da, alaitasuna izaten da, eta Beasain izaten da hasiera eta bukaera. Aurten ere dena ondo joatea espero dugu», borobildu zuen Artolak.
Kirola baino gehiago da Ehunmilak proba, eta Goitur Goierriko Turismo Agentziaren ordezkariak ere ez du zalantzarik hori horrela dela. Ehunmilak eta hori bezalako kirol ekitaldiak babesten jarraituko dute aurrerantzean ere. Kirolari lotutako ekitaldi bat da Ehunmilak, baina Goiturrek argi dauka, Zegama Aizkorri mendi maratoiarekin batera, jende asko mugitzen dutela, Goierri mapan jarriz. «Aurtengoan 1.313 korrikalari etorriko dira, bai Gipuzkoatik, bai Euskal Herritik, bai munduko hamazazpi herrialde desberdinetatik ere». Gainera, asteburu osoko proba izanda, korrika egitera datozenek «iraupen luzeko estantziak» egiten dituztela: «bataz beste, lau edo bost eguneko estantziak» egiten dituztela kalkulatu zuen Ubidek. Gainera, korrikalariekin batera laguntzaileak etorri ohi dira, bai familia, bai lagunak… eta bertako ekipamendu eta zerbitzuak erabiltzen dituzte. «Gure lurraldearen erakusgarri da proba hau», borobildu zuen Ubidek.
Gainera, Goierriko Bi Handiak proba, Euskal Herriko Kopa Ultrako laugarren eta azken proba izango da. Nesken artean Maddi Mujika urretxuarra dago lider. Beasainen erabakiko da koparen irabazlea. Mireia Figurosek azaldu zuen bezala, «Ehunmiletako lantaldeari esker, distantzia luzeetan erreferente bihurtu da lasterketa hau. Eskerrik asko, oso harro gaude, eta segi horrela», izan ziren bere hitzak.
Ternuarekin elkarlana
Ehunmiletako antolakuntzaren ordezkariak eman zituen aurtengo edizioaren datu aipagarriak. Ostegunean publiko egin zen ere, probaren ikurra diren kamiseten koloreak. Boluntarioen kamiseta, urdin argia edo Ternuako koloreen izendegian Maui Blue, izango da.
Gorka Supudek Ternua etxeko ordezkariak, hamahirugarren edizio honetara iritsi izanagatik antolakuntza zoriondu zuen lehenik, eta eskerrak eman, «aurreko hamabi urteetan soka-lagun izateagatik, eta izaten jarraitzen dugulako». Ehunmilak eta Ternuaren arteko elkarlanaren oinarria «balio berdinak» daudela aitortu zuen; «Errespetuak mugitzen gaitu, errespetua egiten dugun guztian». Gainera, horrelako kirol jardunaldi jendetsua izanik Ehunmilak, Ternuak diseinatzen dituen jantzi eta artikulu guztiak zuzenean kirolariei irisgarri egiten die, eta horri esker, komunikazio zuzen-zuzena dutela sortzen duten materialaren erabiltzaileekin.