«Letra idatzita neukan, eta argi neukan soinuak ere nolakoa izan beharko zukeen»
Xarma Leonek proiektu berria du esku artean. Gaur plazaratu du lehenengo abestia hainbat plataforma digitaletan: ‘Aizu guapa!’.

‘Aizu guapa!’ lehenengo abestia aurkeztuko duzu gaur bertan, plataforma guztietan.
Batek baino gehiagok esan izan dit, trabesti bat izateko eta showetan aurkezteko, norberaren abesti bat eduki behar dela. Gaztea irratian lanean hasi nintzenean, galdetu zidaten noizko izango nuen nire abesti bat. Duela urtebetetik idatzita neukan baina momentuan ez nengoela abesti bat egiteko moduan esan nien, ordaindu egin behar zela… Lagundu egingo zidatela esan zidaten. Gazteatik lehiaketa moduko bat egin genuen, ea nork ekoitziko zuen nire abestia. Hortik atera zen ekimena. Nirekin harremanetan Akaleiaa musikaria jarri zen. Aurretik ezagutzen nuen eta esan zidan nirekin lan egitea gustatuko litzaiokeela.
Zuk letra eta Akaleiaak doinua, beraz.
Letra idatzita neukan, eta argi neukan soinuak ere nolakoa izan beharko lukeen. Baina nik ez neukan sortzeko gaitasunik. Akaleiaak islatu du nik nahi nuena. Doinua egiteko garaian berak proposamenak bidaltzen zizkidan eta nik nire eremura eramaten nuen. Hortik sortu dugu.
Letrak zer dio?
Guapa izatea ez dela ispilu aurrean ikusten duzuna, baizik eta zu zeu izatea eta berezia izatea dela guapa izatea. Mezu bat da baita ere, nire drag-arekin asko lotu dudana. Nik beti nire drag-a nahikoa zaindu dut, makillajea, guapa izatea… Sentitzen duzu jendeak gehiago baloratzen zaituela. Horri buelta bat eman nahi izan diot, horregatik portadan nago, erdia guapa, eta beste erdian makillajea zaindu gabe.
Gustura emaitzarekin?
Normalean, elkarrizketak egiten ditudanean, ez ditut entzuten, ez zait gustatzen nire ahotsa entzutea. Orduan erronka bat ere izan da niretzat abesti bat grabatzea. Arraroa egiten zitzaidan nire ahotsa entzutea. Egia da, abestia nahiko elektronikoa dela eta ahotsean ere jarri ditugula efektuak, baina ez gehiegi. Jende askok eskatu dit efektu gehiago jartzeko, generoak eskatu egiten duelako, baina ezezkoa esan nuen. Ni entzutea normalagoa egiten zait orain.
Lehenengo abestia egin duzue. Etorriko dira gehiago?
Bai, noski. Elkarrekin gustura aritu gara. Intentzioa da uda honetan abestiren bat gehiago grabatzea. Noiz kaleratuko den ez dakit. Baina lasaitasunez. Hurrengo urteko Durangoko Azokarako bost abestiko disko txiki bat ateratzea pentsatzen ari naiz.