Santa Ana jaien aurretik, kirol txapelketak amaitzera
Herriko jaiak hasterako, pilota, saskibaloi eta futbol txapelketa herrikoiak bukatuta izaten dira Ordizian. Askorentzat bihar hasiko dira festak, lagun arteko futbol txapelketako finala jokatuko baitute Gauss eta Mokela taldeek.
Gauss taldeak futbol eta saskibaloi txapelketan parte hartzen du. Futbolean, finala jokatuko du bihar.Iñaki Gurrutxaga. Festa bai, baina kirola ere bai. Kirol lanak Santa Ana jaiak hasterako bukatuko dituzte ordiziarrek. Aurten gainera, talde gehiagok hartu dute parte bai saskibaloi txapelketan eta bai pilota txapelketan. Futbol txapelketa bihar bukatuko da, Gauss (iazko irabazlea) eta Mokela taldeen arteko finalarekin. Hirugarren eta laugarren postuak, Jabber eta Pulkrausen artean erabakiko dira, Anexoan, 11:00etatik aurrera eta ondoren finala jokatuko da.
Talde guztiak elkarrekin joango dira bazkaltzera eta ondoren poteora. Sariak ere banatuko dituzte. «Guretzat festak bihar hasiko dira», dio Gauss taldeko Pablo Zabalak, «irabazten badugu ospatzera, eta galtzen badugu penak kentzera». Hamabost taldek hartu dute parte aurtengo txapelketan.
Gauss taldeko kideek lan asko izaten dute festa aurre honetan, futbol txapelketan parte hartzeaz gain, Barandiaran plazan jokatzen den saskibaloi txapelketan ere parte hartzen dutelako. Pablo Zabala da saskibaloian zein futbolean aritzen den kuadrillako bakarra. «Egia esateko, futbolean jartzen ditugu indarrak, futbolean 19 lagunek jokatzen dugu. Gutxiagok jokatzen dugu saskibaloian. Lehenago kanporatzen gara saskibaloian. Beste era batera hartzen dugu saskibaloi txapelketa. Saskibaloian ez daukagu oso talde ona. Final laurdenetara, edo asko jota final erdietara iristen gara. Badakigu ez dugula inoiz irabaziko». Atzo iluntzean ziren final laurdeneko partida jokatzekoa, Kiwoka taldearen aurka (Gauss 49-35 Kiwoka). Kirola egitea «deskonektatzeko ondo etortzen da», Zabalaren ustez.
Guztira 26 taldek hartu dute parte 41. saskibaloi txapelketa herrikoian; iaz baino lau talde gehiagok. Beste hiru final laurdenak honela daude: Birrako-Kolor jokatu zen atzo (Birrako 70-65 Koljor), eta astelehenean, Mokela-Zerbimotxo eta Tzulo-Sanber. Finalerdiak hilaren 16an jokatuko dira (19:00etan eta 20:00etan) eta finala 18an, 20:00etan. Iaz Tzulok irabazi zuen.

Aitor Otegik irabazi du aldi gehienetan Emaneurreren pilota txapelketa herrikoia.Loinaz Agirre.
Binakako pilota txapelketan ere inoiz baino pilotari gehiago ari dira
Emaneurreren pilota txapelketa herrikoian ere inoiz baino bikote gehiago parte hartzen ari da; 24 bikote denera. Dagoeneko azken txanpan sartuta dago eta uztailaren 17an jokatuko dira finalak. Txapelketa gehienetan irabazi duen pilotaria da Aitor Otegi. Bi bikote izan ditu lagun, Igor Otegi lehenengo eta azken 4-5 urteetan Lander Mujika. «Kuadrillako lagunak dira». Behin lehenengo fasea jokatutakoan, Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko Kopa mailetan sailkatzen dira pilotariak. «Gutxiago jokatzen duenak aukera dauka disfrutatzeko». Aitzakia polita da pilota txapelketa: «Partida jokatu, zerbeza bat hartu, kontu batzuk esan, kirol pixka bat egin….».
Oiangu pilota elkarteko kidea ere bada Otegi, eta palak berak nahiko lukeen adinako oihartzunik ez badauka ere, festei begira ere txapelketa antolatzen dute. Hilaren 25an jokatuko dira finalak. Lanik ez zaio falta beraz Otegi ere festa aurre honetan.












