Zeraingo festak abuztuaren 13tik 16ra ospatuko dituzte
Ohiko gibel jatea egingo dute aurreneko gauean. Umeen eguna eta sagardo dastaketa biharamunean, txakolin probaketa eta herri kirolak Andre Mari egunean, eta kontzertuak, bertsolariak, herri otorduak, mozorroak... izango dira.
Lau eguneko Andre Mari festak prestatu dituzte Zerainen. Abuztuaren 13an hasiko dira urteko jai nagusiak, eta 16ra arte ekitaldi ugaritan gozatu ahalko da. Ohitura duten bezala, aurreneko egunean gibel jatea izango da Liztormendi elkartean.
Haurren eguna izendatu dute abuztuaren 14a. Puzgarriak, apar festa, bazkaria eta play-back kantaldia edukiko dituzte zeraindar gaztetxoek. Gazteek hartuko dute iluntzean txanda, aurtengo festa-pregoia egiteko aukeratuak Zeraingo Gazte Taldea baita. Sagardo dastaketarekin eta oilasko zein txekor-txistor janarekin egingo dute otordua gauean.
Musikaren arloan, 14an Hamarru elektro-txarangak girotuko du iluntze partea, eta gauean bi taldek joko dute: Nikotina eta Trikidantz erromeria taldeak. Autobus zerbitzua jarriko dute Zerainera joan-etorriak egiteko.
Andre Mari egunean, 15ean, tradiziozko ekitaldiek izango dute tokia: pilota txapelketa plazan, txakolin edatea, bolatea eta herri kirol saioa. Herri kirol ikuskizunean, herriko gazteen jokoen artean, aizkolari trebatuak ere ariko dira. Eneko Artzelus zeraindarra, Iñaki Ibarguren Lakiola mutiloarra, Xabi Dorronsoro zeraindarra, Josu Ibarguren legazpiarra, Joseba Arakama zegamarra eta Aitor Urteaga idiazabaldarra lehiatuko dira, binaka, elkarren arteko desafio eran.
Mozorrotuen festa ere egingo dute 15 iluntzean. Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariek girotuta, triki-poteoa mozorrotuta egingo dute. Gauean, Alarma Morea taldeak eta DJ Expuelak jarriko dute musika.
Azken egunean, 16an, herriko Solkie dantza taldearen emanaldia, bertako gaztagileen gazta dastaketa, toka eta bola, bertso-triki poteoa Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran bertsolariekin eta Tobera musika eskolako trikitilariekin, eta herri afaria izango dituzte.
EGITARAUA
Abuztuak 13, asteartea
- 18:00. Pilota lehiaketan finalaurreko partidak.
- 21:00. Gibel jatea, Liztormendi elkartean.
Abuztuak 14, asteazkena
- 11:00. Haurrentzako puzgarrien irekiera, frontoian.
- 13:15. Apar festa, plazan.
- 14:30. Umeen eguneko bazkaria, Mandion.
- 16:00. Haurrentzako puzgarrien irekiera.
- 18:30. Play-back kantaldia, plazan.
- 20:00. Kanpai bueltakoak eta jai hasierako pregoia, gazte taldearen eskutik, plazako artepean.
- Ondoren. Sagardo dastaketa, plazan. Lumagorri oilasko hegoak eta Lakiola baserriko txekor txistorra jateko.
- Bitartean. Hamarru elektro-txaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Nikotina eta Trikidantz taldeak.
Abuztuak 15, osteguna, Andre Mari eguna
- 10:00. Meza nagusia.
- Ondoren, txistularien goiz eresia herrian barrena.
- 12:00. Pilota lehiaketa finala, plazan.
- 12:30. Txakolin dastaketa eta txorizo egosia, plazan.
- 17:00. Andre Mari bola txapelketa.
- 18:00. Herri kirol erakustaldia. Herriko gazteak eta aizkolariak: Eneko Artzelus (Zerain) eta Iñaki Ibarguren Lakiola (Mutiloa); Xabi Dorronsoro (Zerain) eta Josu Ibarguren (Legazpi); eta Joseba Arakama (Zegama) eta Aitor Urteaga (Idiazabal).
- 20:00. Triki-poteoa mozorrotuta. Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariak. Plazatik abiatuta.
- 21:30. Gazte afaria, Ostatuan.
- 23:00. Kontzertuak: Alarma Morea eta DJ Expuela.
Abuztuak 16, ostirala
- 11:30. Meza nagusia.
- Ondoren, txistularien goiz eresia herrian barrena.
- 12:30. Solkie dantza taldearen emankizuna.
- 13:00. Herriko gaztagileen gazta dastaketa eta toka txapelketa, plazan.
- 17:00. San Roke bola txapelketa.
- 17:00. Eriz magoaren ikuskizuna, eliza atarian.
- 19:00. Bertso-triki poteoa, Ostatuan hasita. Bertsolariak Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran. Trikitilariak, Toberako ikasleak.
- 20:30. Herri afaria.













