Etorkizuneko mugikortasuna eta hirigintza inklusiboa aztergai Uda Ikastaroetan
'Biharko mugikortasuna' eta '15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik' ikastaroak izango dira ostegunean, Igartza jauregian.
Etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den eta pertsona ororen mugikortasun baldintzetara egokitu behar den hirigintza eredu berria aztertuko dituzte EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatu duten jardunaldian.
Goizeko saioan, Biharko mugikortasuna izenburupean, ikastaroa izango da. Helburua da, mugikortasun konektatu, kooperatibo eta autonomoaren arloan dauden abangoardiako teknologien berri ematea; energia trantsizioaren testuinguruan, krisi-klimatikoari aurre egiteko mugikortasunak eskaini ditzakeen etorkizuneko teknologiak plazaratzea, eta erreferente diren enpresa, ikerketa zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeen topaleku izatea elkarren arteko sinergiak indartzeko. Unibertsitateko ikasle, irakasle eta profesionalei zuzendua dago eta mugikortasun sektoreko ZF Autonomous Vehicles, Luleåko Unibertsitate Teknologikoa, Naitec, Railgroup, Normo eta Fineco-Kutxabank Energiaren Zirkuluko adituak izango dira bertan.
15 minutuko hiria
Jarraian, 15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik izenburudun ikastaroa izango da, publiko orokorrarentzat. Hirigintza eredu berri bat ardatz, pertsona ororentzat funtsezkoak diren zerbitzuak, oinez edo bizikletan 15 minutura kokatzea eta mugikortasun urriko pertsonak izan ditzaketen zailtasunak kontutan hartzea aldarrikatzen du. Hala, pertsona horiek dituzten zailtasunak esperimentatzeko aukera izango da.
Uda ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, www.uik.eus webgunean.
Igartza jauregian izango dira ikastaroak, ostegunean. 8:30etik 14:30era izango da goizeko saioa, eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldekoa.