Goierriko Hamabostaldi Ekologikoak kontsumo-ereduan jarriko du arreta
Anne Otegi sukaldariak ikastaro batekin irekiko du egitaraua, bihar Biziolan. Zeraingo Azoka Ekologikoaren 30. aldiak jarriko dio, berriz, azken puntua, irailaren 22an. Bost ekitaldi antolatu dituzte, hiru herritan.
Hamabostaldi Ekologikoaren antolatzaile taldeetako ordezkariak, gaur, Lazkaoko Biziolan. Aimar Maiz Elikadura eta ekoizpen ekologikoari eskainitako Goierriko 15. Hamabostaldi Ekologikoa bihar, asteartea, hasiko da. Biziolak, Biolur elkarteak, Segurako Madura elkarteak eta Zerain Dezagun fundazioak antolatuta, bost egunetan beste horrenbeste ekimen eskainiko dituzte, Goierriko hiru herritan. Ohi bezala, Zeraingo Azoka Ekologikoak jarriko dio egitarauari bukaera, irailaren 22an. Gipuzkoan egin zen aurreneko feria ekologikoa izan zen Zeraingoa, eta aurten 30. urtea izango du.
Norberaren osasuna zaintzeko eta hobetzeko, eta tokian tokiko egitura sozioekonomikoa eta ingurumena zaintzeko helburua dute Hamabostaldi Ekologikoko ekitaldiek. Herritar guztiei zuzenduta daude. «Gaur egun bizi dugun krisi ekosozialaren testuinguruan, denon ardura da lurraldea eta komunitatearen zaintza konpartitua izatea, eta ezinbestekoa da bide honetan arduratik, elkarlanean eta komunitatea indartuz kolektibotik eragitea», aurreratu dute antolatzaileek.
Nekazaritza ekologikoa bultzatzeaz gain, tokiko kontsumo eredu «osasungarria eta jasangarria» sustatu nahi dute. Hala, mota, izaera eta gai asko landuko dituzte aurtengo egitarauan, herritarren sentsibilizazioan eraginda eta elikadura-eskubidearen bermean sakonduta.
Anne Otegi bihar Biziolan
Osoa Cooking-eko Anne Otegi sukaldariak ikastaro bat emango du, hasteko, Biziolan –Lazkaoko dendan garatuko dira egitarauko hiru ekintza–. Aste osoko otorduen antolaketa eta prestaketa eraginkorra nola egin azalduko du, batch-cooking kontzeptua. Aste honetan bertan, ostegunean Segurara iritsiko da Hamabostaldi Ekologikoa. Euskaratu berri duen Pro Silva basogintza liburua aurkeztuko du Tantai kooperatibak.
Biziola kooperatibak udaberrian egin zuen Guk markoa, zuk argazkia ekimenaren emaitza ezagutzeko unea ere iritsiko da, astelehenean. Erakusketa aurkeztuko dute, eta Orduñako Zapalan elkarteak eta Bizilur erakundeak ekoitzitako Elikadura eskubidea dokumental laburra jarriko dute, mokadutxo batekin lagunduta.
Azken txanpan, elikadura eskubidea Goierrin nola bermatu daitekeen aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte. Lehen saioa irailaren 20an da, eta bigarrena urriaren 25ean. «Eragile anitzen parte-hartzetik martxan dauden adibideak partekatu eta hausnarketatik abiatuta ekintzak lurreratzea izango da helburua».
EGITARAUA
Asteartea, irailak 10
- 17:30 Anne Otegiren sukaldaritza ikastaroa, Lazkaoko Biziolan.
Osteguna, irailak 12
- 19:00 ‘Pro Silva basogintza’ liburuaren aurkezpena eta hitzaldia, Tantai baso-jabe kooperatibaren eskutik, Segurako plazan
Irailak 16, astelehena
- 18:30 ‘Guk markoa, zuk argazkia: elikadura eskubidea’ erakusketaren aurkezpena eta dokumental emanaldia, Biziolan
Irailak 20, ostirala
- 09:30 ‘Denok elikatzeko ekin!’ jardunaldien lehen topaketa, Biziolan
Irailak 22, igandea
- 10:00-14:00 Zeraingo 30. Azoka Ekologikoa, plazan.

Hamabostaldi Ekologikoaren antolatzaile taldeetako ordezkariak, gaur, Lazkaoko Biziolan.Aimar Maiz













