Igartza auzoko festak ospatu dituzte
Kontzertuak, kirola, gastronomia eta beste asko uztartu dituzte jaiek, hiru egunetan.
Igartza auzoko jaiak ospatu dituzte asteburuan, giro ezin hobean. Ostegunetik igandera, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan zuten auzotarrek.
«Jende dezente» ibili zela nabarmendu du jaien antolakuntza taldeak, «egunean zehar batez ere». Ostiral arratsaldean, eguraldi goxoa lagun, jendez bete zen txosna eta karpa eremua, sagardoa dastatzeko eta pailazoen emanaldia ikusteko. Bitartean, Ekaitz konpartsako buruhandiek, korrika batean jarri zituzten gaztetxoak.
Auzotarrentzat egun kuttunena, larunbata izan ohi da. Auzo afaria egiten dute eta mozorrotzen diren eguna da. Oesteko filmak izan zen aurtengo gaia.
Hainbat lehiaketa ere izan ziren. Mus Txapelketan Unai eta Jon Ander ataundarrak izan ziren irabazleak, eta patata tortilla onena Nerea Manzisidorrek eta Mikel Tximenok egindakoa izan zen. Arrantza lehiaketan, 12 urtez azpikoen artean Adur Goikoetxeak eta 15 urtez azpikoen artean Eneritz Zubeldiak irabazi zuten. Txingatan, Claudia Colemerok 22 plaza egin egin zituen 15 kiloko txingekin, eta Dani Bouzok 9 plaza eta erdi 37 kiloko txingekin. Errifari dagokionez, 10.586 zenbakia izan zen saritua.
Jarraian, jaietako argazki batzuk: