Marco Martin Cuevas, Lierniko txirrindulari lasterketako protagonista
Martin Cuevasek irabazi zuen atzo goizean, 43. Lierniko txirrindulari lasterketa. Herri bazkaria, herri kirol erakustaldia eta erromeria ere izan zituzten, jaiak borobiltzeko.
Marco Martin Cuevas (Cafe Baque) txirrindularia izan zen atzo, ezbairik gabe, Lierniko txirrindulari lasterketako protagonista nagusia. 43. urtez jokatu zen atzo, Lierniko Andra Mari jaien baitan, Lierniko txirrindulari proba, gazteen mailan. Errepideko lasterketan (60 kilometro) eta erlojupekoan (4 kilometro) Martin Cuevas izan zen onena eta mendiko sailkapenean ere ez zuen aurkaririk izan.
Martin Cuevasek 1:28:10eko denbora behar izan zuen errepideko lasterketa osatzeko. Beñat Iñarra Mateo (Ulma-Aloña Mendi) iritsi zen bigarren, 1:28:22 denborarekin eta Ellande Larronde (Urt Velo 64) hirugarren, 1:28:24ko markarekin. Erlojupekoan ere azkarrena izan zen Martin Cuevas 6’ eta 23’’ behar izan zituen Seguratik Liernira igotzeko. Beñat Iñarra (6:27) eta Aimar Quintana (6:27) izan zituen atzetik. Taldekako sailkapena Cafe Baque taldeak irabazi zuen.
Jaiak, giro onean
Andra Mari eguna atzo izan bazen ere, larunbat iluntzean hasi zituzten Lierniko jaiak. Bertso afaria egin zuten aurrena, Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegirekin, eta erromeria egon zen ondoren, Iker Sukia eta Aritz Markinezekin.
Atzo, txirrindulari lasterketaren ondotik, toka txapelketa jokatu zuten. Gizonezkoen artean, Iñaki Zabalo; emakumezkoetan Lierni Murgiondo eta gazteetan, Enaitz Zabalo izan ziren irabazleak.
Herri bazkaria eta Elustondo anai arrebekin erromeria egin zuten gero. Aurretik herri kirol saioa jokatu zen: Josu Ibarguren (Legazpi) eta Iñaki Ibarguren (Mutiloa), Joseba Arakama (Zegama) eta Aitor Urteagaren (Idiazabal) aurka aritu ziren aizkoran eta Goenatxo III.enak erakustaldia egin zuen harriarekin. Jaiak giro onean ospatu dituzte.