«Oso modu naturalean hitz egiten da gai potoloei buruz»
Primeran plataforman ‘Ardi beltzak’ programa estreinatuko du ostiralean Xabin Fernandez kazetari legorretarrak. Oraingoz, lau elkarrizketa eta tertulia saio bat ditu grabatuak. «Pozik, eta urduri» dago.
Primeran, euskarazko eta euskal streaming plataformak saio berriekin hasiko du ikasturte berria. Horietako bat da Xabin Fernandez Zubeldia kazetari legorretarrak sortu, zuzendu eta aurkeztu duen Ardi beltzak saioa. «Zein ez da noizbait ezberdin sentitu?», galdetzen du Fernandezek. Irailaren 12tik aurrera, nonahi, noiznahi ikusteko aukera izango da.
Zer da Ardi Beltzak?
Neronek sortutako proiektu bat da, Kanpora Sartzen antzezlanak eman didanari tiraka egindakoa. Jende asko etorri zait esanez, antzeko egoera bat bizitzen ari dela edo bizi izan dituela gauza desberdinengatik. Azkenean saldu nahi dugun ideia nagusia hori da: ardi beltzak beti arraroak ginela eta gutxi batzuk ginela uste izan dugu, baina agian uste baino gehiago gara ardi beltzak eta agian gure gizartea ardi beltzez osatuta dago. Eta agian arraroena ardi zuria izatea da. Horren bueltan ibili gara amaierako tertulia horretan ere.
Lau protagonista aukeratu dituzu. Zein profiletakoak?
Lau kasu desberdin hartzen saiatu gara, gazteak. Osasun fisikoari eragiten dion zerbait, osasun mentala ere hor daukagu beti erdigunean, arrazakeria, itxurakeria… milaka arrazoi egon daitezke bat ezberdin sentitzeko edo lekuz kanpo sentitzeko. German Urteaga beasaindarrarekin, bere trantsizioaz hitz egin dugu eta honek sentiarazi dionaz. Iara Alonsok Hodgkin linfoma izan du. Nola eragiten dio 23ko urteko gazte bati prozesu honek… Julen Castillo, Goazeneko aktore ohia, azalaren koloreagatik eta batez ere, afro ileagatik sentitu da ezberdina. Eta Maider Mimik Asperger sindromea du. Hala ere, ikasketak burutu ditu eta zinegotzia da gaur egun Aretxabaletan. Gauza batengatik edo besteagatik, asko gara ezberdin edo leku, kanpo sentitu garenak momenturen batean.
Eroso sentitu zara formatu honetan?
Oso modu naturalean hitz egiten da gai potoloei buruz. Hori izan da asmoa, pisua kentzea eta modu naturalean, lagunartean hitz egitea eta beti ere nire ezjakintasunetik. Ni konturatu naiz askotan seropositiboa izanagatik jendeari eskatzen diodala informazio bat izatea, eta gero ni konturatu naiz beste zenbait gaietan ideiarik ere ez daukadala. Hori da saldu nahi dudana: zenbait gaietan oso ezjakina naiz eta gonbidatuen ahotik entzun nahi ditut euren esperientzia eta eurek bizi dutena era naturalean, edozeinek ulertzeko moduan.
«Estetika aldetik asko landu dugu, ukitu desberdin bat eman nahi izan diogu ardi beltzaren kontzeptu horri tiraka»
Emaitzarekin pozik?
Oso pozik nago. Estetika aldetik asko landu dugu, ukitu desberdin bat eman nahi izan diogu ardi beltzaren kontzeptu horri tiraka, baina gaurkotasuna eman nahian proiektuari eta itxurari. Musikak ere garrantzia dauka edizioan. Neroni egon naiz etengabe kontaktuan ardi hauekin eta azkenean elkarrizketak oso luzeak izan dira, lasai hitz egiteko aukera izan dugu, baina gero guzti hori 15 minutuko paketetxoetan bildu dugu eta hortxe dago dena ondo kontzentratuta, starluxeko pastillak bezala.
Gehiago izango dira?
Primeranek bost saio erosi zizkigun: lau protagonista eta amaierako tertulia. Ea zer moduzkoa den emaitza eta nire asmoa izango litzateke, artaldea handitzen joatea eta aurrerago beste lau-edo aurkeztea. Ikusiko dugu zertan geratzen den. Proiektua oso pertsonala da. Pozik nago, baina aldi berean urduri, ez dakidalako nolako erantzuna izango duen jendearen aldetik. Hori delako azkenean zailena, jendearengana iristea. Neronek zuzendutako eta aurkeztutako saioa izanik, pozez zoratzen eta jendeak ikusteko desiatzen nago.