Telleriarteko talogileak, agurrik gabeko amaiera
Urtea beteko da laster Telleriarteko talogileek azken taloak egin zituztenetik. Ia 45 urteko ibilbidea amaitu dute, baina "jubilatzeko garaia" iritsi zaie, eta ez dute itzultzeko asmorik.
Isilik, agurrik esan gabe amaitu dute urte luzeetako jarduna Telleriarteko talogileek. Iazko Agorreko Santikutzetako larunbat arratsaldean egin zituzten azken taloak, duela urte bete laster, eta ez dute itzultzeko asmorik. Jubilatu egin dira, ia 45 urtez kuadrillan taloak egiten «gustura» ibili ondoren.
Telleriarteko talogileen historia 1979an abiatu zen. Urte hartako irailaren 6an, Agorreko Santikutz jaietan egin zuten lehen ekinaldia. Helburua, euskal sukaldeetan ezinbestekoa zen jakia berreskuratzea eta balioan jartzea zen, taloa. Diru pixka bat ateratzea ere bai.
Hala, Uztarri elkarte inguruko auzotar batzuk batuta sortu zuten taldea, eta Oñatitik sutegia maileguan hartuta (gero Ixidro Galdosek egin zuen bat, txapa zabal batekin), sua egiteko pago egurra inguratuta, eta mahai handi bat eskuratu eta gero, Santikutz kalean jarri zuten postua.
Euxebi Etxeberria eta Nartxi Gerra izan ziren talogileak, eta taloa, txistorraz beteta, 50 pezetan (30 zentimo) saldu zuten. Etxeberriaz eta Gerraz gain, beste telleriartear hauek osatu zuten lehen talde hura: Ixidro Galdosek, Txomin Iturbek, Begoña Arrondok, Mari Tere Madinabeitiak, Lourdes Irastorzak, Lupe Altzelaik, Mari Loli Uliondok eta Esteban Altzelaik.
Ekimenak arrakasta handia izan zuen, eta orduz gero, Telleriarteko talogileek ez zuten hutsik egin, eta urtero-urtero jarri zuten postua Agorreko Santikutz festetan, irailean, iaz arte.
Urtean hitzordu asko
Baina ez zen Agorreko Santikutzetakoa urtean zehar izaten zuten konpromiso edo hitzordu bakarra, taldea sortu eta gutxira Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi feriara joaten hasi zelako abenduaren 13an, baita Donostiara ere Santo Tomas egunean, abenduaren 21ean, askotan Isidoro Ganuza furgonetako txofer zutela. Azken urteetan Legazpin bertan beste bitan ere jartzen zuten postua maiatzeko Santikutzetan, baserritarren egunean eta Mirandaola egunean.
Eta gainera, beti zeuden gertu deitzen zieten beste leku batzuetara joateko: Ilinti merkatari elkarteak antolatutako jai batean izan ziren, Oñatiko San Migel jaietako Herri Egunean ere bai behin, bi Kilometroak jaietan ere izan ziren, baita Errenterian egin zuten talo txapelketan ere. Bergarara, Getariara, Ordiziara, Urretxura… eskatzen zieten lekutara joaten ziren. Zenbat talo egin ote zituzten urte eta toki horietan guztietan zehar.
Salmentatik ateratako diruaren zati handiena materiala erosteko erabiltzen zuten azken urteetan, baina hasieran, talogileen egoitza izan zen Uztarri elkartean ere inbertitu zuten. Hala, taloak salduz irabazitako diruari esker erosi ahal izan zuen elkarteak gaurko etxea, eta ondoren obra guztia egin, bazkideen ekarpenekin batera.
Ondo banatutako lanak
Taldean bakoitzak zuen bere zeregina. Batzuk orea egiteaz arduratzen ziren, beste batzuek orearekin egindako bolak zapaldu eta taloari forma ematen jarduten zuten, eta txistorra, txorizoa edo hirugiharra frijitzen beste batzuk ibiltzen ziren, taloa txapa gainean erretzen pare bat edo hiru lagun… eta gainerakoak, taloak saltzen eta dirua kobratzen. Txistorra omen zen bezeroek gehien eskatzen zuten betegarria, txorizoarekin batera, baina hirugiharra eta gazta ere eskaintzen zuten, baita txokolatea ere.
Taldetik makina bat jende igaro zen ia 45 urteko ibilbidean, eta laguntzaile ugari ere izan zituzten. Hasierako taldekideetako batzuk bukaeraraino egon ziren, baina joan-etorri asko egon ziren. Azkenera, 10 lagunek baino gehiagok osatutako taldea zen: hasieratik zeuden Begoña eta Mari Tere, eta gero elkartzen joan ziren Nati, Luis Migel, Juanita, Joakin, Tomas, Jose Luis, Josu, Pili, Mikel, Beñat, Maria Angeles, Joxe Migel… Tartean jende gaztea ere bazegoen, baina gehienak nagusiak ziren, eta horregatik erabaki zuten jarduna etetea, «jubilatzea».