Egunez eta gauez, dantza-ostadar betea Beasainen
Ostadar dantza taldearen 40. urteurrena ospatzeko, etenik gabe 24 orduz dantzan ari dira, Beasainen. Gau osoa geratu gabe jarraitzea lortu dute. 20:00etan amaituko da 'dantza maratoia'.
Beasaingo Bideluze plaza 24 orduko dantzaleku bihurtuta dago, atzo iluntzeko 20:00ez geroztik. Ostadar dantza taldea 24 orduz dantzan ekimena garatzen ari da, taldea sortu zuteneko 40. urtemuga ospatzeko. Deiari erantzunez, Euskal Herri osoko dantzariak, taldeak eta musikariak ari dira parte hartzen. 15n minutuko tarteak bereizi dituzte talde bakoitzarentzat. Gaur 20:00etan amaituko da, “modu berezian”. Gauean, 22:00etan, Zutik erromeria taldearen dantzaldia hasiko da.
Gau osoa dantzan aritu dira. Erronka hori zen, ordu txikienetan ere norbait aritzea. “Bizirautea lortu dugu”, zioten, eguerdian. Eguraldiak ez die gehiegi lagundu, euria egin baitu, tarteka zaparrada mardulekin. Ez da oztopo izan; ez gerarazteko beste, behintzat. Usurbe antzokira sartuta, edo tranpaldotxoaren estalpean kukututa, baina dantzan jarraitu dute, etenik gabe.
“Eguneko giroa oso polita ari da izaten, eta gauez ere etenik gabe dantzan aritzea lortu dugu. Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko, Nafarroako, Arabako eta, noski, Gipuzkoako dantzariak eta musikariak etorri zaizkigu, Euskal Herri osokoak beraz. Aniztasuna egon da, eta lurralde arteko oreka ere bai”, azaldu du eguerdian Ostadarreko Xabi Meabek.
Ordu oro “sorpresak” egiten ari dira. Beasaingo beste eragile ugariren laguntasuna eta kolaborazioa ere jaso dute Ostadarrekoek, modu batera edo bestera parte hartuz eta lagunduz
Argazkiak: Aimar Maiz