Mugikortasun arloko gaiak izan dituzte hizpide Jon Enrikek eta Azahara Dominguezek
Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak eta Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak lan bilera bat izan dute esku artean dituzten proiektuen berri emateko. Datorren urtean tren-geltokirako irisgarritasuna hobetuko dute Ormaiztegin.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek eta Ormaiztegiko alkate Jon Enrike Galarzak lan bilera bat egin dute duela gutxi herriak duen garraio publikoa hobetzen jarraitzeko.
Lurraldebusek Ormaiztegin eskaintzen duen zerbitzua bileran aztertu ondoren, diputazioa geralekuen informazio pantailak berritzeko prozesua egiten ari dela jakinarazi dio Enrikeri, eta alkateak honi buruz interesa agertu du. Gainera, Ormaiztegiko alkateak Goieki eskualdeko agentzia garatzen ari den Mugikortasun Planaren berri eman dio eta tren-geltokirako irisgarritasuna hobetzeko 2025ean udalak gauzatuko duen proiektua aurkeztu dio.
Bi erakundeek erakundeen arteko lankidetzan jarraitzea erabaki dute, garraio publikoarekin lotutako gaiak jorratzeko.
Bi aldeen adierazpenak
“Gipuzkoarrek joan-etorriak egiteko ibilgailu pribatuaren gero eta mendekotasun txikiagoa izatea nahi badugu, etengabe lan egin behar dugu eskaintzen dugun garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko. Horretarako, ezinbestekoa da udalekin eta gainerako erakunde publikoekin harreman arina eta etengabea izatea. Garraio publiko iraunkor, eroso, seguru, irisgarri eta lehiakor batekin bakarrik lortuko dugu Gipuzkoak ingurumen arloan eta justizia sozialean aurrera egitea”, adierazi du Azahara Dominguezek.
Bestalde, Jon EnrikeGalarza honako hau esan du: “Bai udalerri mailan, bai eskualde mailan, mugikortasun iraunkor baten alde lan egiten dugu, desberdintasuna murriztera eta gure herrietako bizi-baldintzak hobetzera eramango gaituena. Erronka horri aurre egiteko, ezinbestekoa da administrazio publikoen arteko lankidetza eta sektore pribatuaren esku-hartzea. Ildo horretan, datorren urtean asmo handiko proiektu bat gauzatuko dugu, tren-geltokirako irisgarritasuna hobetuko duena”.