Aire zabaleko 33. Margo Sariketa igandean izango da
Sari banaketa arratsaldean egingo dute Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Aurkeztutako lanen erakusketa urriaren 27ra arte egongo da zabalik.
Aire zabaleko 33. Margo Sariketa antolatu du Arrano Kulturak iganderako. Urtero gai bat jartzen dute, eta aurtengoa, Beasaingo herria eta auzoak izango da. Margotzeko euskarriak zigilatu egin beharko dira 09:00etatik 10:30era, lana aukeratutako tokian gauzatu eta, ondoren, 13:30etik 14.30era bitartean aurkeztu beharko dira Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Ondoren, nahi duenarentzat bazkaria izango da Arrano Elkartean.
Sari banaketa ekitaldia, egunean bertan egingo dute. 18:30ean izango da Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan bertan. Lan onenak aurkezten dituztenentzako diru-sari garrantzitsuak eta garaikurra izango dira. Helduak eta haurrak, bi mailatan banatuko dira sariak. Herritarren saria ere banatuko dute.
Sariketara aurkeztutako margolanekin, erakusketa jarriko da, herritar guztientzat irekita egongo dena, Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Urriaren 13tik 27ra egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.