Ehun egiteko txertatu ditu Zaldibiako Udalak 2023-27 legealdi planean
Lau eremu nagusitan bereizi dituzte ekimenak.
Zaldibiako udaletxea eta plaza. Aurten ekingo diote plaza eraldatzeko proiektuari. Aimar Maiz Lau urtean egin nahi dituen proiektuak, egitasmoak eta zereginak jasotzen dituen 2023-2027 legealdiko plana ondu du Zaldibiako Udalak. Ehun egitasmoko zerrenda osatu dute «udalaren jarduna eta lana ordenatzeko bokazioa» duen lan dokumentuan.
Egiteko horiek hiru bidetatik jaso dituzte, Ioritz Berra alkateak zehaztu duenez: EH Bildu udal gobernu taldearen iazko hauteskundeetako programatik, hausnarketa prozesu batetik, eta udaleko langileen artean jasotakoetatik. Plangintza «irekia» dela esan du alkateak, eta edonork ideiak edo proposamenak eransteko aukera daukala.
Lau multzo nagusi
Hurrengo urteotan landuko diren ehun egitasmoak lau multzo nagusitan bereizi ditu udalak. Herrigintzaren kultura deituriko eremuan, «herri izaera mantentzeko» lanak sartu dituzte, euskara, kirola, kultura arloko proposamenak. Herri bizigarria-n, trantsizio ekosoziala eta bertan bizitzeko baldintza egokiak sortzeko arloak: mugikortasuna, hirigintza, energia, elikadura, lana eta merkataritza. Zaintza eta komunitatean zaintza, berdintasuna, aniztasuna eta komunitate izaerakoak daude. Antolakuntza barne-taldeak koordinatuko du.
Zaldibia 2023-2027 udal legealdi plana

Zaldibiako udaletxea eta plaza. Aurten ekingo diote plaza eraldatzeko proiektuari.Aimar Maiz












