Gazteen artean azoka eta elikadura ohitura osasungarriak sustatzeko egitasmoa abian da
Azoka eta bertako ekoizleak erdigunean jarriko ditu proiektuak, bigarren urtez jarraian. Beasaingo Udalak, ikastetxeek, Osakidetzak, Orekan elikadurak, azokako ekoizleek, Laia Kooperatibak eta Minbiziaren aurkako elkarteak bat egin dute proiektua aurrera eramateko.
Bigarren urtez jarraian, azoka eta elikadura osasungarria sustatzeko programa abian jarriko dute Beasainen, eragile desberdinen elkarlanari esker. Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek, Orekan elikadura zentroak, azokako ekoizleek, Laia Kooperatibak, Osakidetzak eta Minbiziaren elkarteak parte hartuko dute. Ekimenaren inguruko xehetasunak emateko elkartu ziren atzo udaletxean.
Proiektuaren helburu nagusia da haur eta gazteen artean ohitura osasuntsuak sustatzea, azoka erdigunean jarrita. Osasunaz mintzo direnean, zentzu zabalenean ari dira, osasuna ez delako soilik gaixotasun eza, baizik eta erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialaz ari dira, eta egitasmo honekin, herriko gaztetxoengandik hasita sustatu nahi dute, osasuna faktore askorengatik baldintzatua dagoela, hau da, faktore ekonomikoak, sozialak, pertsonala eta anbientalak eragin dutela, besteak beste.
Eta hain zuzen ere, azoka jarriko dute erdigunean, osasunaz emandako definizioaren adibide delako azoka; tokiko produktuen, tokiko ekonomiaren, jasangarritasunaren, garaian garaiko produktuen eta elikadura osasuntsuaren eredu baita.
Leire Artola alkateak nabarmendu zuen, «Beasaingo Udaletik, azokaren eta bertako ekoizleen aldeko apustua egiten jarraituko» dutela, baita «bertako eta garaiko produktuak kontsumitzearen garrantzia sustatzen jarraitzeko ahaleginean ere». Proiektu honek gainera, beasaindar gazteenen osasuna inplikatzen du; «Gure gazteengan eragitea eta haiengan ohitura osasuntsuak sustatzea lehentasuna da udal honentzat, ongizate integralaren bidean».
Laia Kooperatibako ordezkariak azaldu zuen moduan, Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan kokatzen den proiektu honekin, Garapen Jasangarriko zazpi helburu betetzen dira: Osasuna eta ongizatea; Kalitatezko hezkuntza; Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea; Hiri eta komunitate jasangarriak; Ekoizpen eta kontsumo arduratsua; Klimaren aldeko ekintza; Lehorreko ekosistemetako ekintza; eta Helburuak lortzeko itunak.
Ekintza desberdinak
Hala, azokari lotuta, hainbat ekintza jarriko dituzte martxan, Beasaingo ikastetxeetako LH6 mailako gazteekin. Urritik abendura, Osakidetzak, bizi ohitura osasuntsuen inguruko tailerra eskainiko dute. Honako hau, Minbiziaren aurkako elkartearekin batera landutakoa da eta emozioen arloa ere landuko dute.
Urtarriletik martxora, Zegamako Josetxo Mendiaren Altzibar baserrira, eta Mutiloako Beñat Telleriaren Odio baserrira bistak egingo dituzte, nola lan egiten duten ikusi eta elikagaien jatorria eta prozesua ezagutzeko.
Eta martxotik apirilera, Orekan elikadurako Amaiarekin, azokara gerturatuko dira, eta bertan aurki daitezkeen produktuekin hamaiketako eta merienda osasungarrien tailerra egingo dute.
LH5 mailako ikasleekin ere azokara gerturatuko dira apirilean eta maiatzean, ekoizleak eta haien produktuak ezagutzeko.
Ikasleen gurasoak ere inplikatu nahi dituzte proiektu honetan. Haiei zuzenduta, tailer-hitzaldia ere antolatu dute honen guztiaren gainean informazioa jaso dezaten. Udaletxean eskainiko dute eta data zehazten denean jakinaraziko da.
Deskontu bonuak
Azokako produktuak erosteko deskontu bonuen kanpaina ere jarriko dute martxan, ikasleen laguntzarekin, haiek diseinatuko baitituzte bonuak. Astearteroko azokan eta hilabete hasierako azoka berezian erabili ahal izango dira bonu hauek.