Azaroaren 4an jarriko da martxan Ordiziako bonu kanpaina
Merkataritza sektorea indartzea eta bultzatzea da helburua. 20 euroan bonua erosi eta 30 euroko erosketa egiteko aukera egongo da. Ordiziako Udalak 30.000 euro bideratu ditu kanpainara.
Ordizian Merkatari Elkarteak eta Ordiziako Udalak bonu kanpaina berria jarriko dute martxan azaroan. Maitane Alvarez zinegotziaren esanetan, «azken urteetako kanpainen bide beretik, herrian daukagun merkataritza sektorea indartzea eta bultzatzea» da kanpaina honen helburua. Aurreko urteetan kanpainak «oso ondo funtzionatu» duela azpimarratu du, eta aurten ere, kanpainak «herriko merkataritza sektoreari onura» ekarriko diola azpimarratu du Alvarez zinegotziak.
Udalak 30.000 euro bideratu ditu kanpainarako. Honela, 20 euroko 3.000 bonu jarriko dituzte salgai azaroaren 4an, Ordizianen bulegoan (Andre Mari kalea, 21.). Ondoren, bonu bakoitzagatik 20 euro ordainduz 30 euro gastatzeko aukera izango dute herritarrek. Gainerako 10 euroak udalak bere gain hartuko ditu.
Pertsonako bonu bat
18 urtetik gorakoek izango dute bonua erosteko aukera. «Aurreko kanpainetan egin den moduan, pertsona bakoitzak, gehienez ere, bere izenean eta beste baten izenean erosi ahal izango du, ordezkatuaren NANa aurkeztuz». Ordiziako Merkataritza Bulegoan bakarrik erosi ahalko dira bonuak, bulego orduetan, izakinak agortu arte. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita.
90 saltoki aukeran
Bonuak, azaroan 4tik 30era bitartean erabili ahal izango dira, kanpainara atxiki diren herriko 90 saltokietan. «Erosketa bonuak hartzen dituzten pertsonek denda hauetan trukatu ahal izango dituzte».
Alvarez zinegotziaren esanetan, bonu kanpainarekin, «tokiko merkataritza bultzatu eta azaroan zehar erosketak herrian egiteko aukera izango dute herritarrek, dagoeneko Gabonetako erosketetan pentsatuta edo beste behar batzuei erantzuteko».l