San Martin jaiak

Aramako San Martin jaietako pregoilari, jubilatuak

Aramako Jubilatuen Elkartearen izenean, Marijo Aldasorok eta Maria Rosario Urretabizkaiak egingo dute ostiralean San Martin jai hasierako pregoia. Astelehenera arte festa giroa izango da Araman. Ostiral eta larunbat gauerako autobus zerbitzu berezia izango da.

Marijo Aldasoro eta Maria Rosario Urretabizkaia.Loinaz Agirre.

Aramako jubilatuek festa luzeak dituzte, pasa den igandean ere festa izan baitzuten, urteroko bazkaria eginda. Aurten ondo jan eta ondo pasatzeaz gain, beste lan bat ere izan zuten: Oinarte jubilatu elkartearen izenean aurtengo San Martin jaietako txupinazoa botako zuena eta pregoia egingo zuena aukeratzea. Maria Rosario Urretabizkaiak eta Marijo Aldasorok izango dute festei hasiera emateko ardura, eta ohorea. 

Ostiralean, 20:00etan izango da jaien hasiera ofiziala. Aldasorok aramarrei «hiru aholku» emateko asmoa du: «Ondo-ondo jateko, gutxi edateko eta dantza asko egiteko». Garai batetik hona festak «asko aldatu» direla dio. «Gure garaian desberdina izaten zen. Nahi dugu tradizio zaharrekin jarraitzea, baina zaila egiten zaie gazteei».

Hala ere, San Martin jaietako tradizio bati eutsiko diote aurten ere, gaztaina erreak Aramako jaiekin erabat lotuta daudelako. «Gaur, gaztaina koxkatzea izango dugu. 25-30 bat lagun elkartzen gara. Bukatutakoan danbolinkada bat erretzen dugu eta oso polita izaten da», dio Aldasorok. Igandean egingo dute gaztaina erre jana, 20:30ean, Intsausti eta Larrañaga trikitilariek lagunduta.

Pilota partidak

Larunbatean, 12:00etan, gazteen eta emakume profesionalen  arteko partidekin hasiko dute eguna. Oier Izagirre herritarra izango da Nanclaresekin batera, Lopez eta Alzuaren kontra jokatuko duena. 

Bigarren partida Adospilotako emakumezko profesionalek jokatuko dute: Aranburu-Mujika, Iturriaga-Orbegozoren aurka.

Herri bazkarian elkartuko dira larunbatean 14:30ean aramarrak, eta gauean berriz, mozorro festa izango dute. Munduko herrialdeak da mozorrotzeko jarri duten gaia.

Gaueko autobusa

Ostiralean eta larunbatean autobus zerbitzu berezia egongo da Aramako jaietara joan-etorria egiteko. Ostiralean eta larunbatean, 22:45ean abiatuko da Beasaingo tren geltokitik. Ordizian tren geltokian (22:50) eta Itsasondoko plazan (22:55) egingo ditu geldialdiak. Itzulerako autobusa, ostiralean 03:30ean abiatuko da eta larunbatean 03:00etan. Geltoki berdinetan geratuko da.

Egitaraua

Gaur

  • 19:00: Gaztaina-koskatze herrikoia haur txokoan.

Bihar

  • 17:00: Zirkuola zirku saio dinamikoa (aurrez izena eman beharko da udaleko whatsappean).
  • 20:00: Jai hasierako txupinazoa eta pregoia Aramako Jubilatu Elkartearen eskutik.
  • 20:30: Joseto ta Alayak elektrotxaranga.
  • 23:30: Balantza erromeria.

Larunbatean

  • 12:00: Gazteen eta emakume profesionalen arteko pilota partidak.
  • 14:30: Herri bazkaria eta ondoren bingoa.
  • 20:00: Txalainak taldearen kontzertua eta Mozorrro gaua. Gaia: Munduko herrialdeak.
  • 23:00: Itzal erromeria.

Igandean

  • 12:00-14:00: Puzgarriak frontoian.
  • 12:30: Txakolin dastaketa plazan.
  • 16:00-18:00: Puzgarriak frontoian.
  • 20:30: Gaztaina jana Intsausti eta Larrañaga trikitilariez alaiturik. 

Astelehenean

  • 12:00: Hamaiketakoa Arrikutz elkartean.
  • 13:30: Toka txapelketa plazan.
  • 19:00: Patata tortilla lehiaketa.
  • 21:00: Festa amaierako suak.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa