Diego Romero eta Ruben Arroniz izan dira Legazpiko lehen frontenis txapelketako irabazleak
Urretxuko Florentino Barroso eta Eneko Aiastui izan dira txapeldunordeak. Asier Alonsok eta Eneko Presak antolatuta, hamasei bikotek parte hartu dute txapelketan.

Logroñoko Diego Romero eta Gasteizko Ruben Arroniz dira Legazpiko lehen frontenis txapelketako irabazleak, eta Urretxuko Florentino Barroso eta Eneko Aiastui, txapeldunordeak. Igandean jokatu zen txapelketa Urbeltz pilotalekuan, goizeko 9etan hasi eta iluntzera arte, leku askotatik iritsitako 16 bikoteren artean.
Lau bikoteko lau talde egin ziren hasteko, eta talde bakoitzeko bi bikote onenak zuzenean igaro ziren final-laurdenetara. Gero final erdiak jokatu ziren, eta azkenik, finala, 19:15ean hasita. Urretxuarrek 8-25 galdu zuten Romero eta Arronizen aurka. Aipagarria da partaideen artean 68 urteko gizonezko bat izatea, Legazpi bertako Juan Mari Ezeolaza; Asier Sagastizabalekin batera jokatu du.
Legazpiko frontenis txapelketa kirol hau sustatzeko lanetan ari diren Asier Alonso eta Eneko Presa goierritarrek antolatu dute. Frontenisa aldarrikatzeko helburuarekin, aurretik beste bi txapelketa antolatu dituzte Goierrin, bata ekainean Lazkaon, eta bestea irailean Olaberrian. Bizkaiarekin alderatuta, Gipuzkoan fronteniseko oso torneo gutxi egiten direla diote, eta inguru honetan gehiago antolatzera animatu nahi dute jendea. Bikoa prest dago lan horretan jarraitzeko, baina udalen aldetik laguntza gehiago gustura hartuko luketela aitortu dute, “Bizkaian, esaterako, txapelketa egiten den herriko udalak lagundu egiten du sariekin, torneorako ura, fruta edo pastak emanez, edo kamisetekin”.
Legazpiko Udalarekin gustura daudela ere esan dute, eta eskerrak eman nahi dizkiote txapelketa antolatzeko baimena emateagatik, eta Urbeltz pilotalekua erabiltzen uzteagatik. Parte hartu duten 32 kirolariei ere eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek.
Azken partidetako emaitzak
Final erdiak:
Luis Herrera-Nestor Hernández 21, Florentino Barroso-Eneko Aiastui 22
Diego Romero-Ruben Arroniz 25, Iñigo Gelbenzu-Víctor Ortega 11
Finala:
Florentino Barroso-Eneko Aiastui 8, Diego Romero-Ruben Arroniz 25