Legazpiko alkatearen ustez, Legazpi "diskriminatua" izan da Goierri-Donostia autobus proiektuan
Lurraldebusen linea berrirako Legazpi kontuan hartzeko eskatu dio Azahara Dominguez mugikortasuneko foru diputatuari.

Gipuzkoako Foru Aldundiak udaberrian martxan jarri nahi duen Goierri-Donostia autobus linean Legazpi ere kontuan hartzeko eskatu dio Azahara Dominguez mugikortasun diputatuari Eric Galvez alkateak. Alkateak azaldu duenez, komunikabideen bitartez jakin zuen Lurraldebusen linea berria jartzeko asmoa. Goierri garaia eta Goierri behea Donostiarekin lotzeko linea izango litzateke, eta geltokiak Zumarragan, Beasainen, Ordizian eta Tolosan izango lituzke lirateke.
Proiektuaren berri izan eta hurrengo egunean bertan egin zuen lehen kontaktua Galvezek Dominguez diputatuarekin, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan, bere “atsekabea” adierazi zion, gaiaren inguruko informaziorik jaso ez zuelako, “ezta gonbidapenik ere” proiektuan parte hartzeko. Sentimendu hori eskualdeko beste alkate batzuekin partekatzen duela dio Galvezek, baita haserre dagoela ere, “kasu honetan Legazpi diskriminatua izaten ari dela uste dugulako”. Legazpiarrek autobus linea horretaz baliatzeko “eskubide bera dute, batez ere Renfek obren ondorioz zerbitzua murriztu duenean” nabarmendu du. “Diputatuen Kongresuan eskaera bat egin dugula gogorarazteko aprobetxatu nahi dut, trenen kopurua handitzeko aukera azter dezan, hobetzeko tartea dagoela uste baitugu”.
Legazpik “autobus linea horren onura” izateko aukera aztertzeko bilera bat eskatu dio Dominguezi. “Foru diputatuak adierazi zuenez, linea hori udaberrian jarriko da martxan, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2025erako aurrekontuak onartzen badira”. Horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak animatu ditu aurrekontuei babesa ematera, “horiek gabe ez baita autobus linea berririk egongo, ez Legazpirako, ez beste inorako ere”.