Ostiralean hasiko da Emakumezkoen I. Ordizia Hiria txapelketa
Oiangu Pilota Elkarteak eta Ordiziako Udalak antolatuta, Emakumezkoen I. Ordizia Hiria Txapelketa jokatuko da, azaroaren 15etik abenduaren 14ra bitartean. Bertan, Hego Euskal Herriko hamasei pilotarik parte hartuko dute, larruzko paleta modalitatean. Partidak ostiral eta larunbatetan izango dira, 19:30ean, Beti Alai pilotalekuan.

Oiangu Pilota Elkarteak eta Ordiziako Udalak antolatuta, Emakumezkoen I. Ordizia Hiria Txapelketa jokatuko da, azaroaren 15etik abenduaren 14ra bitartean. Hego Euskal Herriko hamasei pilotarik parte hartuko dute, larruzko paleta modalitatean. Launa bikoteko bi multzotan banatuta, partidak ostiral eta larunbatetan jokatuko dira, 19:30ean, Beti Alai pilotalekuan.
Bikote bakoitzak hiruna partida jokatuko ditu ligaxkan, eta talde bakoitzeko lehen eta bigarren bikoteak sailkatuko dira final erdietarako. Parte hartzaileak ondorengoak dira:
- A taldea: Aroa Torre (Gesteiz)-Irati Alaba (Gasteiz); Garbiñe Lopez (Legutio)-Amaia Irazustabarrena (Hernani); Naroa Otxoa (Etxarri)-Garazi Eizmendi (Aia) eta Nahia Eizmendi (Aia)-Nagore Murua (Altzo).
- B taldea: Ama ia Zubeltzu (Usurbil)-Leire Galdos (Oiartzun); Anne Agirre (Alegia)-Ane Kerejeta (Hernani); Enara Mazizior (Hernani)-Ekhine Balerdi (Usurbil); eta Amaia Aizpuru (Azkoitia)-Uxue Olano (Altzo).
Lehenengo jardunaldiko partidak:
- Ostirala:
- Aroa Torres-Irati Alaba, Garbiñe Lopez-Amaia Irazustabarrenaren aurka.
- Naroa Otxoa-Garazi Eizmendi, Nahia Eizmendi-Nagore Muruaren aurka.
- Amaia Zubelzu-Leire Galdos, Amaia Aizpuru-Uxue Olanoren aurka.
- Larunbata:
- Enara Mazizior-Ekhine Balerdi, Anne Agirre-Ane Kerejetaren aurka.
Entrenamenduak eta txapelketa
Oiangu Pilota Elkartearen esanetan, “orain arte ibilbide gorabeheratsua izan duen emakumeen larruzko paletako ibilbidea berrindartzeko asmoarekin” hasi zen txapelketa hau antolatzeko lanetan. “Jabetu ginen emakumeentzat egituratutako txapelketen errealitatea, modalitate honetan lantzeke zegoela”. Txapelketa puntual batzuk egin dira han eta hemen, baina bide horretan pauso bat aurrera eman nahi izan dute.
Txapelketaz gain, entrenamenduak ere antolatu dituzte Oiangukoek, pilotariak larruzko paleta modalitatean trebatzeko. “Txapelketa soil bat eskaini ordez, joko honetara egokitzapena ahalik eta egokien egiteko, gure elkarteko baliabideak, Ordiziako Udalarenak eta gure babesleenak (elkarte laguntzaileak) emakume pilotarien eskura” jarri dituzte, baliabide materialak eta teknikoak eskainiz. Hala, abuztu amaieratik hasita, asteroko entrenamenduak egiten ari dira, lehendik ere ona den joko mailari beste bultzada bat emateko.
Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak Oiangu elkarteak pala eta larruzko paleta modalitatea bultzatzeko egiten duen lana azpimarratu du, baita horrelako elkarte txiki batek, txapelketa hau antolatzeko eta emakumezkoen kirola bultzatzeko egindako ahalegina ere.