Sozialistek ere Legazpi Goierri-Donostia autobus linean sartzeko apustua egin dute
Linea berria Legazpiraino iristeko bi proposamen egin dizkiote Azahara Dominguez Mugikotasun diputatuari.
Legazpiko PSE-EEk ere Goierri garaia eta Goierri behea Donostiarekin lotuko dituen Lurraldebusen linea berrian Legazpi sartzearen aldeko apustua egin du, “betiere 2025erako Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak onartzen badira”. Autobus linea berria Zumarragan hasiko da, eta Beasaindik, Ordiziatik eta Tolosatik igaroko da Donostiara iritsi aurretik, “nabarmen” hobetuz udalerri horiek Donostiarekin dituzten loturak, “auzotar askorentzat garraioa erraztuz”, eta “Goierri eskualdea Gipuzkoako hiriburuarekin lotuz”.
Sozialista legazpiarrak “etengabe harremanetan” egon dira Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuarekin, “Legazpi autobus linea berrian kontuan hartuko dela bermatzeko”, eta joan den ostiralean izandako azken bileran, diputatuak horretarako bi aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuela adierazi dute.
Bi aukera horiek Legazpiko sozialistek proposatutakoak dira. Lehenengoak aurreikusten du “lineak bere ibilbidea Legazpin hastea, Zumarragan hasi ordez”, eta bigarrenak proposatzen du “linea berriaren ordutegiak Legazpi-Zumarraga ohiko konexioetara egokitzea, bi lineak konektatuta egon daitezen, eta autobus aldaketa egiteko aukera eman dezaten. Azken proposamen horrekin, Donostiara doazen eta Donostiatik datozen legazpiarrek autobus aldaketa azkarrak eta doakoak egiteko aukera izango lukete”.
Linea berri hau martxan jartzeko, “ezinbestekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025erako dituen aurrekontuak onartzea”. Horretarako, gainerako alderdiei euren artean dituzten “ika-mika publikoak” baztertzeko eta aurrekontu horiek onartzeko eskatu diete, “premia horiei erantzuteko adina diru izendapenarekin, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak baliabide ekonomiko gehiago bidera ditzan autobus linea berria finantzatzeko, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.