Gabonak ate joka, Zegaman
Bihar arratsaldean Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egingo diete. Tertulia saioa, Ameztira mendi irteera eta antzerkia, asteburuko egitarauko osagaien artean.
Gabon kutsuko ekintzaz bete dator asteburu hau zegamarrentzat. Bihartik igandera bitartean askotariko eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute herrian, hasi Olentzero eta Mari Domingiren bisitarekin, eta antzerki saioarekin amaitzeko.
Jada klasiko bat da Zegaman urtero Olentzerori eta Mari Domingiri egiten zaien ongi etorria. Bihar arratsaldean, 18:30ean, iritsiko dira Egur museora. Ohiko ongi etorria jaso eta gero udaletxera joko dute Olentzerok eta Mari Domingik. Bertan eskutitzak jasoko dituzte eta goxokiak banatuko dituzte herritarren artean. Jarraian, gaztaina erreak banatuko dira bertaratutako guztientzat, herriko plazan. Zegamako Udalarekin batera, Bele Gazte gaztelekua, Tartaloetxe elkarteak eta Tobera musika eskolak parte hartuko dute ekitaldian.
Iluntzean, udazkeneko tertulia afarien bigarren saioa egingo dute Amezti elkartean. Xabier Zubizarretak Ekintzailetza. Smartlog-en adibide praktikoa hitzaldia egingo du 20:00etan hasita. «Enpresa proiektuak martxan jartzeko eskasia dagoen garai hauetan, Zubizarretak bere esperientzia arrakastatsuaren» berri emango duela aurreratu dute antolatzaileek. Hizketaldiaren ondoren afaria egingo dute elkartean, bertako kideentzat ez ezik, hala nahi duten herritarrentzat ere irekia.
Antzerkia, amaitzeko
Larunbatean Olentzero eta Mari Domingirekin taloa egin eta dastatzeko aukera berri bat izango da Anduetza parketxean, 10:00etatik aurrera. Lekuak aspaldi agortu ziren eta azken saioak abenduaren 21ean eta 22an eskainiko dituzte.
Igandean, goizean goizetik hasiko dute eguna. Amezti mendi elkarteak antolatuta, elkarteari izena ematen dion Zegamako Amezti mendira irteera egingo dute Aitxuri herri eskolako ikasle eta gurasoekin batera. Behin mendi buelta eginda, hamaiketakoaren emango dute bukatutzat goiza.
Asteburuko ekitaldi sortarekin amaitzeko, Almazenean antzerki emanaldia antolatu dute 17:30ean, eskolako patioan. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak erretiroa hartzeko zorioan dagoen (Galartza) eta hura ordezkatuko duen langilearen (Gurrutxaga) azalean sartuko dira. David de Sola idazle kataluniarrak idatzitako antzezlana «komedia garratza» da; lan munduan ematen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten duena. Sarrerak erosteko azken eguna da bihar, abenduak 13; eta 10 euroan eskuratu daitezke udaletxean.