Garagardo festa eta Olentzero eta Mari Domingiren bisita, Zerainen
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/12/olentzero_maridomingo_aizpea.jpg)
Asteburuari begira Garagardo festa eta Olentzero eta Mari Domingiren bisitak antolatuta daude Zerainen. Bihar iluntzean, 19:00etatik aurrera emango diote hasiera 2. Garagardo Festari Liztormendi elkartean. Iaz egin zuten lehenengoz Garagardo Festa, azaroaren 3an, eta izandako arrakasta ikusita aurten esperientzia errepikatuko dute. Bost garagardo dastatzeko aukera izango da: Radeberger, Complot eta Basabe deiturako Kortatu, Garizti eta Korpus. Zeraingo Ur-salto garagardoa ere izango dan aukeren artean. Festa nahi duen guztiarentzat irekia izango da eta ez dago aurretik erreserbarik egin beharrik. Ukondoa eta saltxitxak jateko aukera ere egongo da.
Bestalde, azken urteetan ohitura bihurtu denez, Olentzero eta Mari Domingiren bisita izango da Aizpeako meatze gunean larunbatean eta igandean. 9:30ean hasita goizez eta arratsaldez Olentzero eta Mari Domingiri bisita egin eta eskutitzak emateko aukera izango da Zeraingo meatzeetan. Behin bisita amaituta, pilotalekuan mokadutxo bat egin eta haurrek eskulan bat egiteko aukera izango dute. Leku bakarra geratzen da libre, larunbatean 9:30ean. Turismo bulegotik aurreratu dutenez, 1.200 bisitari espero dituzte bi egunetan zehar.