Lazkaon larunbatean jokatuko da Moskorrak mus txapelketa
Izen-ematea larunbatean 15:30ean egin behar da, Alkartetxean. Bikoteko 50 euro ordaindu behar da inskripzioa.
Lazkaoko 41. Moskorrak mus txapelketa etzi jokatuko da, larunbatarekin. Ohi bezala, parte-hartze oparoa eta ehundik gora muslari elkartzeko aurreikuspena dago. Martin Aldasoro antolatzaile zena oroitzeko, haren izena ere badauka lehiaketak. Sari ugari eta diruz oparoak jarri dituzte, txapeldunentzat 2.000 eurokoa.
Izen-ematea larunbatean 15:30ean egin behar da, Alkartetxean. Bikoteko 50 euro ordaindu behar da inskripzioa. Jokoa, berriz, lau erregera, eta sei hamarreko hiru ustelera izango da.
Aurreneko zortzi bikote sailkatuek jasoko dituzte sariak. Irabazleei txapelak eta 2.000 euro emango dizkiete, eta txapeldunordeei 1.000 euro. Hirugarren bikoteak 500 eta laugarrenak 250 jasoko dute.
Bosgarren postutik zortzigarrenera bitartekoek edari, janari, esneki edo gozoki saskiak izango dituzte saritzat, Malantzak, JTK Lazkaunek, Errotaundik eta Iztuetak emandakoak. Beste hainbat laguntzailek babestu dute.
Bertakoentzat ere bai
Lazkaoko bertako lehenengo bikoteak bi afari izango ditu, Erloren eskutik. Aurreneko neska bikoteak edo bikote mistoak ere izango du saria: bi txuleta.