EH Bilduren mozioak Legazpin, Urretxun eta Zumarragan, GO07 linea Legazpitik abiatzeko eskatzeko
Datozen osoko bilkuretan eztabaidatuko dute herri bakoitzean mozioa.

EH Bilduk jakinarazi du mozioak erregistratu dituela Legazpin, Urretxun eta Zumarragan, GO07 Zumarraga-Donostia linea berria Legazpitik abiatzeko eskatzeko. Ohar batean azaldu duenez, “Urola Garai, Goierri eta Donostia lotzen dituen Lurraldebuseko GO07 autobus linea martxan jartzea positiboki” baloratzen dute, baina ez daude ados Legazpi linea horretatik kanpo geratu” izanarekin.
“Herritarrek ere harrera ezin hobea egin diote, gure eskualdea Donostiarekin errepide bidez lotzeko behar beharrezkoa zen, tamalez Legazpi linea horretatik kanpo geratu da”, adierazi du koalizioak. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri berri duen linearekin, haren esanetan, “ez da bermatzen kalitate nahikoa eskaintzea Urola Garaian eta Goierrin”.
Legazpitik Donostiara Zumarragatik, Beasaindik eta Tolsatik baino tren gutxiago abiatzen direla salatu du. “Horri gehitu behar zaio murrizketak eta atzerapenak daudela aldiriko trenaren ordutegietan. GO07 autobus linea Legazpitik irten eta Legazpin bukatuko balitz trenak dituen gabeziak apur bat estaliko lirateke. Horrez gain, autobusa Legazpitik abiatzeak ez luke bidaia luzatuko lehenengo eta azkeneko geltokia izango litzatekeelako”.
Aldundiak ordutegiak doitu dituela jakinarazi zuen, legazpiarrek ontzi aldaketa egin ahal izateko. EH Bilduren esanetan, baina, “Legazpiko bizilagunei zigorra ezarriko zaie DBusen zerbitzuetan doako transbordoa egiteko aukera kenduko zaielako”. Gehitu du “inondik inora” ez direla bermatzen ontzi aldaketak, “batez ere itzulerako autobusean”.
“Ulergaitza da Aldundiak autobus linea hau Zumarragatik abiatzeko hartu duen erabakia. Legazpitik Zumarragara joateko denbora 7 minutukoa da, ez dugu ulertzen zein inkopatibilitate tekniko egon daitezkeen linea Legazpitik ez abiatzeko”. Horregatik guztiagatik aurkeztu dute mozioa hiru herrietan. Datozen osoko bilkuretan eztabaidatuko dute herri bakoitzean mozioa.