Donostia garaitu ezinda, Herriartekoari agur esan behar izan dio Ordiziak palan
Bina partida irabazi arren, tanteoan nagusitu zaio Donostia. Beasain, eskuz, aurretik jarri da final-laurdenetan. Ataunek eta Zumarragak gogor eutsi beharko diete bueltako partidei.

Pixkanaka badoa aurrera Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Larruzko paleta eta pala motzeko lehian, dagoeneko erabaki da zein herri sailkatuko diren finalerdietara; eskuz eta gomazko paletaz, berriz, final-zortzirenetako aurreneko jardunaldietako partidak jokatu dituzte. Tartean dira, besteak beste, Beasain, Ataun, Ordizia eta Zumarraga.
Beasain bide onean
Beasainek eta Ataunek Astigarraga eta Azkoitiaren aurka neurtu dituzte indarrak, hurrenez hurren. Beasain, bide onean da eta bigarren jardunaldiko maiatzaren 31ko asteburuan irabaziz gero, final-laurdenetara sailkatzeko aukerak izango ditu; izan ere, hiru partidetatik bi irabazi ditu, jubenilen eta nagusien kategorian, alde handiarekin (0-22 eta 12-22). Kadeteetan, berriz, galdu egin du, alde handiarekin hura ere (22-3).
Ataunek, berriz, ezin izan dio Azkoitiari eutsi, eta nagusien mailan lehia estu egon den arren, hiru partidak galdu ditu, kategoria guztietan. Kadete mailan 22-4, jubeniletan 22-6 eta nagusietan 22-21. Finalerdietara pasatzeko txartela eskuratzea zail samarra izango duen arren, oraindik bueltako partidak jokatu beharko dituzte. Itzuliko partidak etxean jokatuko dituzte Ataunek eta Beasainek.
Zumarraga, erne
Gomazko paletaz, joan den asteburuko final-zortzirenetako partidetan sartu da lehian Zumarraga, Azkoitiaren aurka neurtuta. Hiru partidetatik bakarra irabazi du, eta txapelketan jarraitu nahi badu, gogor egin beharko die asteburuko partidei, etxean. Izan ere, jubeniletan bakarrik lortu dute garaipena (11-20). Bigarren jardunaldian hirurak irabaziko balitu, Astigarragaren aurka neurtuko lituzke indarrak, final-laurdenetan.
Ordizia, kanpora
Larruzko paleta eta pala motzeko lehian, erabaki dira final-erdietako partidak, eta Goierrik ez du errepresentaziorik izango; asteburuan jokaturiko partidetan kanporatu da Ordizia, nahiz eta lehiari estu eutsi ahal izan dion. Azkenean, Donostia eta Ordizia arteko tanto kopurua izan da erabakigarria, alegia, lau partidetatik bi irabazi dituzte biek, baina tanto guztiak zenbatuta, Donostia nagusitu da, 143 tantorekin. Ordiziak, berriz, 132 lortu ditu.