‘Gipuzkoako Saguzarren Atlasa’ aurkeztu du Naturtzaindia elkarteak
Auziaren inguruko ezjakintasunari erantzuteko sortu dute. Bergaran egin dute aurkezpena, eta zenbait goierritar izan dira bertan.

Hamarkada bat baino gehiagoko lanaren ondoren, Naturtzaindia Elkarteak Gipuzkoako Saguzarren Atlasa aurkeztu du, lurralde honetako saguzarren banaketari buruzko lehen azterlan sistematiko eta eguneratua. Bergaran egin dute aurkezpena eta bertan izan dira Iñaki Aizpuru, Ion Fontenla eta Garazi Auzmendi goierritarrak.
Kartografia zehatza
Gipuzkoan aurkitu dituzten 25 saguzar-espezieren presentzia dokumentatzen duen kartografia zehatza da; aurkezpeneko oharrean esan dutenez, auzi honi dagokionez Gipuzkoan den ezjakintasun orokorrari erantzuteko sortu dute. Teknika desberdinak erabili dituzte, gainera, saguzarren presentzia detektatu eta informazio hori guztia lortzeko: ultrasoinuen grabazioa, laino-sare bidezko harrapaketa eta babesleku natural zein artifizialen jarraipena. Horiek, modu osagarrian aplikatuta, Gipuzkoa osatzen duten 5×5 kilometroko 107 laukietan banatutako informazioa lortzea ahalbidetzen dutela azaldu dute.
Kudeaketarako baliagarria
Naturtzaindiako kideen hitzetan, atlas hau «ez da inbentario zientifiko bat soilik», baizik eta kudeaketarako tresna bat. Eta ez hori bakarrik. Lan honek, dibulgaziorako eta sentsibilizaziorako tresna ere izan nahi duela azpimarratu dute, herritarrek saguzar-fauna ezagutzeko eta apreziatzeko, besteen artean.
Hori dela eta, elkarteak herritarrak, erakundeak eta lurraldearen kudeatzaileak saguzarren babesarekin konprometitzera animatzen ditu.