MENDI MARATOIA. Faborito argirik ez, baina hautagai asko maratoiaren 24. edizioan
Kilian Jorneten hutsuneak erabat irekita utzi du mutilen proba. Sylvia Nordskar iazko irabazleak 1 zenbakidun dortsala jantziko du.

Igande goizean jokatuko da 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Golden Trail Serieetako laugarren proba puntuagarria. Aurten ere kirolari ugarik eman dute mendi maratoirik epikoenean parte hartzeko izena: 11.662 eskaera erregistratu dira zozketan sartzen diren 225 dortsaletarako. Azkenean, 545 mendi lasterkari izango dira irteeran.
«Inoiz baino irekiagoa» izango da aurtengo edizioa. Ez da egongo azken orduko ezustekorik, eta baieztatuta dago Kilian Jornetek ez duela parte hartuko. Zegaman 11 aldiz izan da garaile, eta hura da probaren errekorraren jabea –3:36:40, 2022an–. Ekainaren 29an Amerikako Estatu Batuetan jokatuko den Western States 100 proba prestatzen ari da historiako mendi lasterketari loriatsuena.
Stian Angermunden itzulera
Azken bi edizioetan bigarren sailkatu den Elhousine Elazzaoui marokoarra eta Manuel Merillas espainiarra –2023ko irabazlea– Zegaman izango dira, baita Stian Angermund norvegiarra ere. Dopin kontuengatik denbora batez lasterketetatik kanpo egon da Angermund, eta Zegama aukeratu du itzulerarako. Ikusteko zer sasoitan iritsiko den. 2017an nagusitu zen, eta probaren errekorra jarri zuen orduan –3:45:08–.
Hauek dira beste hautagai batzuk: Roberto Delorenzi suitzarra, Luca del Pero italiarra eta baita Nadir Maguet, Antonio Martinez, Alain Santamaria eta Andreu Blanes ere. Euskaldunen artean, Aritz Egea –azken Zegama-Aizkorri izango du elite mailan–, Ander Iñarra, Anartz Artola, Ander Gerrikaetxebarria, Aitor Ajuria eta Aitor Zunzunegi dira izen aipagarrienak.
Euskaldunak punta-puntan
Sylvia Nordskar iazko irabazlea aterako da 1 zenbakidun dortsalarekin, eta hautagai nagusia dela esan daiteke, baina euskal korrikalariak orpoz orpo izango ditu. Malen Osa oñatiarra batetik –iaz bigarren– eta Sara Alonso donostiarra bestetik. Biak ala biak aurre-aurrean dabiltza Golden Trail World Seriesen. Hor izango dira Oihana Kortazar eta Maite Maiora ere, biak ala biak Zegaman irabazitakoak, Marta Martinez espainiarra, eta euskal selekzioko kideak, hala nola Ainara Alkuaz eta Maud Combarieu.
Marta Martinez espainiarra –iaz hirugarrena, Malen Osarengandik 20 segundora– eta Azara Garcia de los Salmones –orain 10 urteko garailea– ere nabarmentzen dituzte antolatzaileek. Horiez gain, Miao Yao txinatarra –oso sasoi onean dabil aurten–, edo Judith Wyder suitzarra dira ezusteko eman dezaketen beste bi korrikalari.

- Eguna: 2025eko maiatzaren 25a.
- Irteera eta helmuga: Zegamako plaza. Irteera ordua: 09:00.
- Distantzia: 42,195 km.
- Pasagune kontrolak: 13.
- Jan-edari postuak: 14.
- Tarteko helmugak: Aizkorri (22,58 km).
- Gorabehera metatua: 5.472 metro.
- Gehieneko altuera: 1.551 metro (Aketegi).
- Gutxieneko altuera: 296 metro (Zegama).
- Eremu teknikoa ehunekotan: %50 gutxi gora behera.
- Gehieneko denbora: 8 ordu.
- Zailtasuna: Oso handia.
- Gehienezko parte-hartzaile kopurua: 500.